IKUS-ENTZUN

Gaur aurkeztu dute VII. Mendi Film Festival

 

Clint Eastwood aktore eta zuzendari entzutetsuaren argazki historiko batek, gaur goizean Bilboko Udaletxean egin den prentsaurrekoan, Bilbao Mendi Film Festivaleko 7. edizioa aurkeztera etorri diren guztiak babestu ditu. Bertan, Jabier Baraiazarra zuzendariak eman ditu xehetasun guztiak.

Aurtengo edizioa potoloago dator. 22 herrialdetako 123 pelikulak iritsi ziren Bizkaiko hiriburura eta horietarik 47 lehiatuko dira abenduaren 12tik 21era luzatuko den Bilbao Mendi Film Festivalean. “Hizkuntza askoren ispilu izango da aurtengo festibala” adierazi du Baraiazarrak. Izan ere, Frantzia, Espainia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Austria, Argentina, Belgika, Kanada, Suitza, Alemania, Polonia, Kolonbia, India, Hegoafrika, Suedia, Brasil edo Irlanda herrialdeetatik ailegatu dira lan asko.  Lan horiek guztiek, zuzendari onenaren, gidoi onenaren, argazkigintza onenaren, laburmetrai onenaren eta epaimahaiaren sariak berenganatzeko aukera izango dute.

Jaialdiaren zazpigarren edizioak entzute eta itzal handiko hainbat zinemagile, kirolari, komunikatzaile eta naturaren maitale bilduko ditu aurtengoan ere Bizkaiko hiriburuan, abenduaren 12tik 21era. Ekitaldiak zinemarekiko zaletasuna, mendiko kirolekiko maitasuna eta ingurumen-balioen aldeko aldarria uztartuko ditu, beste behin.

Jaialdiak bi zinemagile handi omenduko ditu: batetik aipaturiko Clint Eastwood, The Eiger Sanction bere lehen filmetako baten 40. urteurrena betetzen duelako, eta bestetik, Montxo Armendáriz, Tasio estreinatu zela 30 urte bete direlako.

Beraz, hamazazpi herrialdetako 47 filmez, 3D formatuko proiekzioez, ikastaroez,  tailerrez, erakusketez, hitzaldiez eta abarrez gozatzeko abagunea izango duzue beste behin aurtengo egitarauarekin.

Zer, non eta noiz jakiteko, Bilbao Mendi Film Festivalek duen webgunean sartzea duzue onena.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button