Nontzeberri

“Simplicissimus” kabaretak Euskal Herriko bira hasiko du

Komediatik, dramatik eta tragediatik asko duen Simplicissimus umorezko kabareta aurreko azaroan estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian. Publikoaren eta kritikaren harrera ezin hobea izan zuen obrak orain, Euskal Herrian zehar, hainbat areto eta antzoki bisitatuko ditu datozen hilabeteetan.

Hala, datorren ostiralean, abenduaren 20an hasiko du Euskal Herriko bira Tartean Teatroak eta Leioako Kultur Aretoko agertokian eskianiko du emanaldia. Hitzordua, 20:30ean izango da.

Simplicissimus kabaretarekin, Patxo Telleriak Alemaniara eroango du ikuslea, Nazien garaiko adierazpen askatasuna zertan zen eta horren gainen hausnartzeko xedez. “Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua da, non Hogeitamar Urtetako Gerra-ren izugarrikeriak kontatzen diren umore klabean. Gerrarteko Cabaret baten izena ere izan zen. Lan honen muina, gerrarteko hiru alemaniar komikoen bizitza ikaragarri eta ederra dira: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Hiru komiko hauen historia Nazien terrore eta kontzentrazio esparruekin estuki loturik dago. Baina ez dugu naziei buruzko istorio bat kontatu nahi, ez eta kontzentrazio esparruei, ez eta juduen arazoari buruzkoa. (…) Ez ditugu gertaerak kontatu nahi iraganeko pasadizoa bailiran, berriro gertatu daitekeen zerbait bezala baizik”.

XX.mendeko Europako gerrateko garaian kabareta egin zuten pertsonaia batzuk hartu dira hizpide, modu horretan, haien lana askatasun osoz egin nahi izateagatik jazarpena sufritu eta sufritzen duten komikoei omenaldi bat egiteko. Oholtza gainean fribolitatea, satira, drama eta tragediaren bidez umore politikoa zer den, eta bere mugak zeintzuk diren aztertu nahi izan du egile euskaldunak.

Ondorengo hilabeteetan izango du birak jarraipena. Hurrengo geldialdia,  urtarrilaren 17an,, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izango du. Sopelatik, berriz, Iruñeko Gayarre Antzokira joango da, otsailaren 9an; eta ondoren, Santurtziko Serantes Aretoa (otsailak 13); Donostiako Antzoki Zaharra (otsailak 14 eta 15); Oñatiko Santa Ana Antzokia (otsailak 21); Barakaldo Antzokia (otsailak 29, gaztelerazko estreinaldia); edota Arrasateko Amaia Antzokia (martxoak 15) eta Eibarko Coliseo Antzokia (martxoak 31) ere bisitatuko ditu, beste batzuen artean. Adi, hortaz, agendetara!

Informazio gehiagorako eta sarrerak eskuratzeko, sartu Tartean Teatroaren webgunean.

Exit mobile version