EZLEKUBAT

Udane Juaristi: “Kalea erakustoki handiena da jendearenganako gertutasunagatik”

Udane Juaristi Ibañez (1985, Azkoitia) ekarri dugu oraingoan gure webguneko atal berezi honetara. Juaristik Arte Ederrak ikasi zituen eta bere lanak sarri ikus daitezke Euskal Herriko areto ezberdinetan. Hiri-paisaiak, giro urbanoa janzten duten aktoreekiko grina erakusten du bere koadroetan: kotxeak, hormak, bizikletak, eraikinak… askotariko hiri-elementuak teknika anitzak hartzen dituzten obra koloretsuetan. “Nire lanak, olioa, collagea, argazkia eta marrazkiaren nahasketa bat dira”, dio artista gipuzkoarrak. Kalea inspirazio da artista azkoitiarrarentzat, eta etorkizun batean bere lanen erakustokia ere izango da.

Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?
Txikitatik gustatu izan zait marraztea. Egia esan, beti eduki izan dut imajinazio dezente eta agian, ezaugarri honi esker ekin diot bide honi. Esan beharra dago amak ere, esku trebea izan duela beti eta honek ere zerikusia eduki lezake, noski.

Zein teknika mota erabiltzen duzu zure koadroak gauzatzerakoan?
Nire lanetan, esperimentatzen saiatzen naiz. Teknikak eta materialak probatzen joaten naiz eta bakoitzetik etekin handiena ateratzen saiatu. Akrilikotik oliora pasa nintzen eta ondoren, olioa argazkiaz tartekatzen. Geroago collagea sartzen. Momentu honetan, nire lanak, olioa, collagea, argazkia eta marrazkiaren nahasketa bat dira.

Prozedura berdina erabiltzen duzu koadro bakoitzari aurre egiterakoan?
Ordenagailua erabiltzen dut beti abiapuntu gisa. Nire ideia gauzatzen dut Photoshopen eta gero ordenagailutik ateratzen dut. Koadroaren arabera, material eta prozedura desberdina izango da.

Nondik ateratzen dira zure koadroetako pertsonaiak? Zeintzuk dira zure gai gustukoenak koadroak moldatzerakoan?

Nire gairik gustukoena kalea da. Paisaia urbanoa asko gustatzen zait, batez ere, bizikletak, kotxe zaharrak, horma zaharkituak, etxe garaiak… hormetako ehundurak… paisaia urbanoaz aparte, erretratuak egitea atsegin dut. Bizia eta historia duten gauzak atsegin ditut, kalea zaharrak nahiago ditut, istorio gehiago gordetzen dutelako.

Zer dela eta bizikletaren presentzia zure artelanetan?
Ez dakit. Oraindik ez dut lortu arrazoia zein den jakitea. Garraiobide umila dela deritzot. Gustuko dut hormen kontra ikustea, gehienetan argazkia ateratzeari ezin diot eutsi. Gustuko dut bere irudia eta badirudi zerbait sortzen didala barruan. Zergatik ote…?

Pinturan aritzeaz aparte beste diziplinaren batean diharduzu?
Argazkia gustuko dut, baina asko dut ikasteko. Idaztea ere atsegin dut eta horretan dihardut Hitza aldizkarian kolaboratzaile gisa.

Pintura ogibidea edo denbora-pasa?
Ba egia esan, beti amestu dut egunen batean ogibide bilakatuko zela eta konturatzen naiz ametsa egi bihurtu dela. Pozik nago, enkargu dezente egin eta dauzkadalako. Badirudi jendeak atsegin duela nire lana eta horrek aurrera egiteko indarra eta ilusioa pizten dit. Gainera, mural batzuk ere egin ditut eta momentu honetan pintura irakasle gisa ere banabil. Beraz, nire denbora-pasa da, baina baita ogibidea ere.

Eta pintore erreferenterik baduzu?
Bai, baina bakar batekin ezin naiz geratu. Estilo eta esparru desberdinetako artistak ditut gustuko. Hauetako batzuk; Banksy (graffitia), Shepard Fairey, Antonio Lopez, Rauschenberg, Keixeta, Courbet, William Turner, Degas, Sorolla, Robert Doisneau (argazkilaria), Dizebi (graffitia)…

Badauka arteak gizartea eraldatzeko gaitasunik?
Eraldatu… ez nuke esango. Baina, arteak badu indar berezi bat jendea hunkitzeko, jendeari zerbait barnean sortzeko… espresiorako tresna indartsua da eta oso garrantzitsua iruditzen zait. Pertsonalki, artearekin gozatzen duen edonork dohain bat duela esango nuke.

Non duzu gustukoen zure artelanen erakustea? Artelanak kalean ala galeria eta museoetan behar dute egon?

Nire lanak erakutsi izan ditudanean erakustokietan izan da, baina agian koadroak erakusteko modurik errazena eta erosoena delako. Ni, pertsonalki, kaleko artearen mireslea naiz. Izugarri gustatzen zait kaletik zoazela graffiti artean murgiltzea. Hemen ez da oso ohikoa, baina hiri handietan badirudi kalean espresatzeko askatasun gehiago dagoela. Graffitia delitua dela esaten da. Nire ustez ez da behar bezala baloratzen eta gizartearentzat oparia dela deritzot. Zure artea kalean erakustea, hormetan edo kalean, txoko batean, oso zaila da, ez baitizute ematen erraztasunik. Zailtasun hauengatik ez dut nire artea kalean egin oraindik, baina nahiago dut kalea, erakustoki handiena delako eta jendearenganako gertutasunagatik.

Gaur egungo museoak pertsonenganako gertutasunik mantentzen al dute? Zein funtzio betetzen dute gaur egungo museo eta galeriek? Leku biziak edo fosilizatuak dira?
Galdera zaila. Ez dakit. Hori bai, museoek ez dute beti arterik ederrena erakusten. Artelan asko autorearen izenagatik baloratzen direla uste dut. Egia esan ez dut honetaz pentsatu. Baina esan dezaket, lan bat artea izatea edo ez, bere kokalekuak esaten duela. Hau da, museo batean dagoen lan bat artelan bezala kontsideratzen da beti eta, aldiz, kalean dagoen lan hobea, agian ez.
Lekuak ez luke baldintzatu behar artelana.

Etorkizunerako proiekturik?

Nire asmoa honelaxe segitzea da, ahal dudan heinean behintzat. Enkargu batzuk gauzatu, esposizioak abiatu, klaseak eman…eta gehiago ikastea ere gustatuko litzaidake. Lanerako gogoa dut, baina baita ikasteko ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button