MUSIKA

Sharon Stoner hirukoteak “Erraietatik” lan berria dakar

Sharon Stoner hirukote oñatiarra laugarren EParekin dator: Erraietatik. Zazpi urte pasatu dira  euren azken lana (Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak) kaleratu zutenetik, baina hala ere, indartsu datoz oraingoan ere: estilo melodikoak eta erdi-tempoak, erritmo latinoekin, flamenkoarekin, rockeroekin, instrumental progresiboekin eta pop estiloarekin uztartzen dituzte lan berrian.

Autoekoizpena da kaleratu berri duten lana eta erraietatik egindako musikarekin datoz, “horixe behar genuelako, erraitatik musika egin eta plazaratzea”, aitortzen dute taldekideek. Iñigo Ibarrondo baxua eta ahotsean, Mikel  Zarketa gitarran eta Egoitz Olalde baterian, euren estiloari eutsi ez ezik, giro progresiboagoetatik ere jotzen dute disko berrian, Iñigok Sharon Stonerren etenaldian esperimentatu duen Zingira taldearen eraginez, hain zuzen.

Bederatzi kantuz osatu dute Erraietatik lana: Loto-lorea kantuak zabaltzen du diskoa, Stoner  zama alboratu gabe, doinu melodikoagoa eta pausatuagoa dakarrena; Sorgindu piezaren antzera, hazten doan pieza melodiko kutsuarekin. Sateliteak kantuak aldiz, erdi-tempoekin jolastuz, melodia “espazialagoa” dakar. Otso abestiak, ordea, oinarri irmoa eduki arren, dantzarako erritmo latinoak eta flamenkoa, erritmo progresiboarekin uztartzen ditu. Inozoen salbamena kantuan, erritmo rockeroagoa eta indartsuagoa antzeman daiteke, eta progresio instrumental  melodikoagoan amiltzen da, ordea, Zirkulua. Maskara ere, zikina eta bortitza dugu, eta Gela ilunak, heavya eta euskal kantagintza uztartzen ditu. Eta diskoko pieza poperoana aldiz, Agurra kantua da, 60.hamarkadako pop estilora hurbiltzen gaituena.

Esan daiteke, lan berriak, euren azken lanak irudikatzen zuen taldeko kideen musika gustu zabal eta askotarikoak jasotzen dituela. Hala, Zarketaren gitarra riff irudimentsu eta korapilatsuak, Ibarrondoren  baxua jotzeko modu biderkatzailea, ahots melodiko gorenarekin lagunduta, eta Olalderen bateria taupada sarkorrek, giro progresiboago bat sortu dutela oraingoan, “taldeak denboran aurrera eta atzera begiratzeko duen gaitasuna erakutsiz” .

Erraietatik EPko kantuak deskargatu edota  entzun nahi badituzue, jo ezazue taldeak duen bandcamp orrialdera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button