BESTELAKOAK

“Sentikariz blai!”, Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa

Martxoaren 12an hasi eta apirilaren 7an amaituko da aurtengo Loraldia Festibala, zeina Sentikariz blai! lelopean egingo den. Aurtengoa, jaialdiaren bosgarren edizioa izango da. Atzo aurkeztu zuten festibala Bilboko tranbiaren barruan.

Hala, 22 egunetan, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izango da. Horietatik bost ekoizpen berriak izango dira. Guztira, Bilboko 12 gunetara iritsiko dira euskal kulturaren adierazpide anitz.

Loraldia Festibaleko bosgarren edizioak, gainera, euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, tartean, Sarrionandia eta Artze, besteak beste.

Festibala, hain justu, Joseba Sarrionaindiaren inguruko hitzaldi batekin hasiko da: Iñigo Aranbarri idazleak Lur bat idazteko: Pasieran Joseba Sarrionandiaren geografian izenburuko hitzaldia eskainiko du Bira! kultur gunean, 19:00etan.

Martxoaren 15ean, halaber, Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikusgarria egingo da Arriaga Antzokian, 19:30ean. Ekitaldi musikal horretan hauexek parte hartuko dute: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Audience, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.

Martxoaren 20an, bestalde, eta Artzeren ondarea aldarrikatzeko asmoz, Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabalek osatzen duten Txakur Gorria kolektibo gazteak H-Artzetik: poesia musuzapietan izenburuko poesia-ikuskizuna aurkeztuko dute Peru Galbete musikariaren laguntzaz, Bidebarrieta Liburutegian, 19:30ean.

Biz Hitza, Euskara batuaren historia dantzatua ikuskizuna ere azpimarragarria da. “Munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu ikuskizunak”. Aukeran dantza-konpainiak sortu du Xabi Payaren gidoia oinarri hartuta. Martxoaren 16an aurkeztuko da, Arriagan.

Oso berezia izango da, bestalde, Verdes liburudenda akorduan ekitaldia. Bilboko Zazpikaletan sortutako liburu-denda mitikoaren inguruko lana da, eta bertan ondokoek parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Natxo De Felipe, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia eta Patxo Telleria. “Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko 7 kaleetako bihotzean. Berehala liburudenda elkargune ezinbesteko bihurtu zen euskal kulturgileentzat”.

Loraldian parte hartuko duten beste protagonista batzuk ondokoak dira: Maite Larburu musikaria, zeinak Hezurren azpian bere bakarkako lehen lana aurkeztuko duen; Katixa Agirre idazlea Amek ez dute liburuaz arituko da edo Itxaro Borda (idazlea), Miren Amuriza (bertsolaria), Oihana Iguaran (bertsolaria) eta Mursego (musikaria), Azken lau horiek Bustinezko etorkizuna ikuskizuna aurkeztuko dute festibalaren azken egunean, apirilaren 7an, Guggenheim Bilbao Museoan.

Egitarau osoa berri izateko: loraldia.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button