BESTELAKOAK

“Senez” itzulpen aldizkariaren azken zenbakia kalean da

Senez aldizkariaren 50. zenbakia aurkeztu dute Itzulpengintzako Nazioarteko Egunean.  Berrogeita hamargarren zenbakia kaleratzearekin batera, gainera, itzulpen aldizkariak 35 urte betetzen ditu, eta ospakizun ekitaldi ugari prestatu dituzte horren harira.

1984.urtean Martuteneko Itzultzaile Eskolak hartu zuen aldizkaria kaleratzeko ardura eta Elhuyar eta UZEI elkarteak ere partaide izan ziren Senez aldizkariaren sorrera horretan. Geroztik, euskal itzultzaileen erreferentziarik garrantzitsuenetako bat bilakatua zen, bai itzulpengintzan baina baita erreferente terminologikoetan ere.

Gainera, EIZIE elkartea bera ere, 1986an, Senez aldizkarian egindako proposamen baten inguruan mamitu zen, 25 itzultzaile bilduz EIZIEk elkarteko lehenengo kide taldean. Geroztik  lan handia egin du euskararen modernizazioaren bidean eta euskal itzulpengintzak egin duen  jauzi ikaragarrian eragin zuzena izan du aldizkariak, itzulpengintzaren esparru zabalean:  alderdi itzultzaileen prestakuntzan, euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen lanbidearen etorkizunerako bidea argitzen lagundu du.  “Oro har testugintzan diharduen edonori eskaini dizkio era bateko edo besteko argibideak”, argitu dute aurkezpenean Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEren lehendakariak eta Karlos del Olmo Senez aldizkariaren zuzendariak.
1992an, aldizkaria urtekari bihurtu zen eta Euskal itzultzaileon lanbidearen muinean ongi errotutako aldizkari profesional sendo bihurtu zen Senez, teknologia berrien eraginez, gogoeta-gune eta plaza berriak sortuz. Eta argitalpen elektronikoa, 1999an etorri zen, EIZIEren webgunea lehenengoz zabaldu eta urtebetera eta paperezko edizioarekin batera sarean argitaratzen da egun.
Bere helburua gainera, bere horretan jarraitzen duela gaineratu dute arduradunek “Senez itzulpen-aldizkariak itzulpen teoriarekin, pragmatikarekin eta euskal itzulpengintzarekin aldez edo moldez zerikusia izan dezaketen beste alderdi guztien topalekua izateko asmoa du, batez ere euskaratik eta euskarara itzultzearen gaineko gogoetei eta esperientziei dagokienez”.

Ale berriari dagokionez, Izet Sarajliçen poema sorta batek eman dio hasiera aldizkariari eta oraingoan ere, bere lerroari jarraiki,  itzulpengintzarekin loturiko alderdi ugari bildu dituzte, ibilbide luzeko zein gazteagoko egileak, itzultzaile-jardunean ari direnak, zein mundu akademikoan dabiltzanak ere.

Hala, generoaren ikuspegia landu du Itziar Murgiondok, narratiba-lanen itzultzaileen azterketa baten bidez, eta Idoia Santamaria eta Maialen Berasategi itzultzaileei egin zien elkarrizketa mamitsua jaso du azken alean. Ramon Etxezarretari egin dio Karlos del Olmok elkarrizketa, euskararen normalizazioa ardatz harturik. Euskal itzulpengintzaren historia argigarri bat eskaintzen du Josu Zabaletak. Argitaletxeak hizpide, literatur itzulpenetan argitaletxeek duten funtzioari buruzko gogoetak egiten ditu Xabier Olarra Igela argitaletxeko arduradunak. Eta itzultzaileen jardunak nahiz interpretazioaren inguruan ikusizko itzulpenek ere badute bere lekua.

Azken argitalpenaren harrira egingo diren ospakizunak ere ondu dituzte. Hala, urriaren 16an, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Clubean topaketa bat antolatu dute, eta bertan, “Senez aldizkariari hainbat ertzetatik so eginez. Sorreraz mintzatuko gara, aldizkariaren ibilbideaz, diseinuaz, akademian ere duen garrantziaz, ikasketa eta ikerketarako ehuntzen joan den ondareaz, inpaktuaz eta etorkizunaz”. Anjel Lertxundi izango da gonbidatu berezia.

Informazio gehiago, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button