ESZENA

Sasoi onean dator Pasaiako Umore eta Antzerki jaialdia aurtengoan ere

Bihartik aurrera Pasaia umorez bustiko duten sei ikuskizun ondu ditu 38. edizioa betetzen duen jaialdiak, eta herriko txoko eta zenbait aretoetara eramango ditu ikuskizunak.

Hala, bihar ostirala, arratsaldeko 18:00etan, Leioako Umore Azokan saritua izan zen Kale Gorrian Barsanti  konpainiaren lana eskainiko da. Ikuskizun honek etxe-gabetzeen gai korapilatsura hurbilduko gaitu: “Marino eta Begoña senar-emazte jubilatuak bere etxebizitzatik bota behar dituen segizio judizialaren zain daude. Zer gertatuko da?”. Ikuskizuna bihar, urriak 18, 19:00etatik aurrera, San Pedro Frontoiaren inguruetan.

Larunbatean aldiz, Komuneko Zulotik Hamaika Buelta antzerki taldearen lan barregarriaren txanda izango da. Obra hau, Antxoko Kultur Etxean izango da, 19:00etan hasita. Lanak, komunera joaten garenean eta bertan pasatzen zaizkigun kontuak umore dosi handiz kontatuko dizkigu eta “elkarrizketa mamitsuak, gorputz lotsagabeak eta aurpegirik gabeko ekintzek” hartuko dute agertokia.

Igande arratsaldea umorez igarotzeko ere, bada ikuskizunik. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, A Panaderia antzerki talde galiziarrak Elisa y Marcela obra dakar: 1901 urtean, A Coruñako  San Xurxoko elizan bi emakume ezkondu zireneko istorioa. Ezkongaietako bat  gizonez jantzita ezkondu da eta polizia-jazarpenak, ihesaldiak diligentzian, identitate-aldaketak eta informazio manipulatuak kontatuko ditu istorioak. Benetako gertakari baten kontaketa lotsagabea aurkezten dute. Hitzordua, Donibaneko Kulturgunean, 19:00etan.

Hurrengo astean, ostiralez, larunbatez eta igandez,  beste hiru  ikuskizun eskainiko ditu 38. Pasaiako Umore eta Antzerkiaren edizioak. Hala, ostiralean, Festamentua ikuskizunaren emanaldia,  Tio Teronen semeak taldeak umorea, dantza eta doinu herrikoiak uztartzen dituen ikusgarri original bezain berritzailea. Larunbatez, Hika Teatroaren Txarriboda ikuskizuna, Imanol eta Mireiaren ezkontza basatirako gonbidapena. Igandean, jardunaldiei amaiera emateko, Ganso & Cia Clown konpainiaren familiartean gozatzeko Babo Royal antzezlana.

Informazio gehiago  duzue, pasaia.eus web orrialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button