IKUS-ENTZUN

Santurtzine Film Laburren VI. Jaialdia, irailaren 28tik urriaren 20ra

Santzurtzine film laburren jaialdia bere VI. edizioarekin oparo dator aurten irailaren 28tik urriaren 20ra bitartean. 35 film ikusi ahal izango dira lau sailetan banatuta. Eta berrikuntzen artean, Manchesterreko Homeless Film Festival jaialdiaren arteko lankidetza da. Akordioak, etxerik gabeko pertsonen integrazioa bultzatu nahi du ikus-entzunezko adierazpen artistikoen bitartez.

Hamalau film laburrek parte hartuko dute herriko lanei eskainitako sail berezian, eta hamarrek, berriz, Estatu Espainiarreko lanak hartuko dituen atalean. Azken honetan, Oscar sarietan Espainia ordezkatuko duen Campeones (2018) filmaren zuzendariak egindako laburra, eta Fernando Albizuren, Melani Olivaresen, Adam Jezierskiren eta Carlos Chamarroren azken lanak ikusi ahal izango dituzte bertaratutakoek. Epaimahaia Itziar Ituño eta Diego Pérez aktoreek, Karmele Soler makilatzaileak, Jerónimo García zuzendariak, Mireia Gabilondo aktore zein zuzendariak eta Mikel Pagadi gidoilari eta aktoreak osatuko dute.

Bestalde, nazioarteko zenbait ikus-entzunezko hautagaien artean, Argentina, Txekiar Errepublika, Espainia, Frantzia, Egipto, Siria eta Alemaniakoak besteak beste, Ibiltaria Saria banatuko da Amnistia Internazionalaren lankidetzan, non aurtengo edizioan, armen merkatuari begira jarri dute begirada.

Santurtzine XS sailean, Lehen Hezkuntzako haurrei kamera bat luzatuko diote aurten ere, zinemaren inguruko hausnarketak batu ditzaten. Euskal Pantailak atalean, Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Zuk (Unax Blanco) filmak proiektatuko dituzte, eta zuzendarien mahai-inguru batek jarraituko dio ekimenari. Eta urtero bezala, ostiralero herriko tabernek film laburren emanaldiak antolatuko dituzte, musika eta antzerki saioekin batera.

Iñigo Cobos jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, “jaialdiak herriko jarduera kulturala eta soziala bultzatu nahi du, ostalaritza, merkataritza eta zinema uztartuz”. Hartara Danel Bringas herriko Kultura zinegotziarekin, Andoni Aranzabe Bizkaiko Hezkuntzako Amnistia Internazionalaren arduradunarekin eta Aitor Ipiña Bizitegiko gerentearekin batera eman duen prentsaurrekoan,  aurtengo edizioaren xehetasunak aurkeztu ditu. Programazio osoa hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button