Nontzeberri

Santurtziko Antzerki Jaialdiak egitarau oparoa ondu du bere 40 urtebetetzean

Santurtziko Antzerki Jaialdiak bere berrogeigarren edizioan, lau kale antzerki eta beste 17 ikuskizun programatu ditu bihartik, urriaren 31tik abenduaren 1era bitarte, Serantes Kultur Aretoan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdian izen handiko antzezleek hartuko dute parte, besteak beste, Silvia Marso, Jose Maria Pau, Emilio Gutierrez Caba, Carlos Hipolito, Imanol Arias, Nacho Novo… Eta oso zuzendari ospetsuak ere izango dira, hala nola, Carlos Saura, Mario Gas, Claudio Tolcachir , Miguel del Arco…

Hala, kalitatezko egitaraua ondu nahi izan dute berrogei urtebetetzeak ondo baino hobeto ospatzeko. Era horretan, kabaretak, musikalak, Hamlet obraren  bertsio komikoak, intrigazko lanak, tragediazko antzezpenak, gerra ondorengoko miseriak kontatzen direnak …  gustu eta estilo guztietako lanak, zalantzarik gabe.

Bihar bertan, 20:30ean hasita, horrenbestez, Cabaré A La Gaditana Las Niñas de Cádiz taldearen ikuskizuna aurkeztuko dute oholtzan, Cadizeko inauteriak ulertzeko modurik jatorrena eta basatiena erakusten dena. Hogei urte luzez, La Chirigota de las Niñas ikuskizunaren bidez inauteri lotsagabe, urratzaile eta alproja eraman dute Cadizeko kaleetara.

Euskarazko lanei erreparatuta, Gernika parkean aurkeztuko den Bidaia antzerki eta musika ikuskizun berezia, eta Emmanuel Robert-Espaliuk zuzendutako Zoaz bake santuan antzezlana programatu dituzte.
Abenduaren 1ean aurkeztuko da Bidaia, Europara iristeaz amets egiten duen migrante baten bidaia kontatzen duen ikuskizuna. Azaroaren 14an, aldiz, Txalo Produkzioak konpainiaren Zoaz bake santuan lana ikusiko da. Bertan, umoretik jotzen dute Ane Gabarain eta Mikel Laskurain antzezleek oholtza gainean: “senar emazte batek daramaten bikote bizimodu aspergarriarekin amaitzeko, andreak, zirt edo zart, gizona pozoitzea erabaki du eta ekintza gordindu nahian, gainera, egin nahi duena aitortuko dio. Baina, jakina… Aurreikusitako plana hankaz gora joango zaio…”.  Ustekabez hornituta, lehertzeko moduko komedia.

Gaztetxoeni zuzendutako beste bost obra ere programatu dituzte eta zirkua, matxismoaren kontrako lanak, emakumea eta kirola ardatz duen antzezlanak ez ezik,  euskarazko eta familiartean gozatzeko Pinocchio klasikoaren bertsioa ere eskainiko du Teatro Gorakada konpainiak.

Guzti guztia, Santurtziko Antzerki Jaialdian. Egitarau osoa ikusteko hementxe duzue.

Exit mobile version