LITERATURA

Sandra Garayoa eta Itziar Otegi egileek irabazi dute aurtengo “Etxepare saria”

2020ko Etxepare Saria Lorerik Gorriena albuma osatu duten Sandra Garayoa eta Itziar Otegi egileentzat izan da, Leire Salaberriak (ilustratzailea), Idoia Sobrinok (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) osaturiko epai-mahaiak hala erabaki ostean.

Lan horrek gutako  bakoitzaren bizitzan gertakari handiek (norberaren beldurrek edo bertzeengandik jasotzen ditugunek) duten zama nabarmentzen du. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain.

Epaimahaikideen esanetan, “ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena. Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia”.

Lanak saria jaso du, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Aurtengo udazkenean, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button