ARTEA

San Telmo Museoak Koch familiaren argazki artxibo bilduma jaso du dohaitzan

Euskal gizartea hobeto ezagutzea ahalbidetuko duen irudi eta erretratuz osatutako artxibo bilduma jaso du San Telmo Museoak Koch familiaren eskutik.

Hala, Sigfrido Koch Bendoetxea eta Sigfrido Koch Arruti, Donostiako argazkilari ospetsuen landa-giroko eta itsas giroko bilduma horrek hainbat negatibo, plaka, diapositiba eta positibo jasotzen ditu; baita “gerraren albuma” ere, Koch Bengoetxearen Gerra Zibilari buruzko material hori “ustekabez” harrapatu dute  Museoaren arduradunak.

San Telmo Museoko arduradunen esanetan, “dohaintza honek museoak ondarearen kontserbazio eta zabalkunderako betetzen duen zeregina indartzeaz batera, euskal gizartea eta haren irudikapena aztertzeko eta hobeto ulertzeko balio handiko irudi eta erretratuak dira”.

Dohaintza hau jasotzearekin batera, bere gain hartu du museoak bilduma osatzen duten lanak kontserbatu eta zabaltzeko konpromisoa. Hasierako prozesu teknikoaren barruan, bilduma osatzen duten material guztiak erregistratu, katalogatu eta lokalizatuko ditu. Bilduma digitalizatu ondoren katalogo bat osatuko du, webgunearen bitartez zabalduko duena.

Gainera,  Sigfrido Koch Bengoetxearen funtsarekin lehen erakusketarako lanak prestatzen hasiak dira dagoeneko, Lee Fontanella komisarioaren gidaritzapean, hurrengo hiru urteen barruan garatuko dena.

Koch Bengoetxearen dohaintzaren materialari dagokionez, “kristalezko 147 eta plastikozko 656 plaka, 35mm-ko 36 negatibo, País Vasco, Guipuzcoa liburuaren jatorrizko maketa, 138 positibatu barne, eta Gerraren albuma dago,  formatu txikiko 231 argazkiz eta hainbat ilustrazio, egunkari zati eta dokumentu-fotokopiaz osatuta”.

Eta Koch Arrutiren bildumari dagokionez, “5.000 diapositibak, negatibo-artxibategi, fotolitoek, San Telmon egindako erakusketaren argazki eta publizitate-lanetako negatibo eta diapositibek”, osatzen dute bildumaren zati nagusia.

Material horiei guztiei museoak lehendik zeuzkanak erantsi behar zaizkie: Willy Koch Schoneweisseren 29 lan (artelanen argazkiak zein postalak), S. Koch Bengoetxearen beste bat, eta S. Koch Arrutiren beste lau argazki gehiago.

Informazio gehiago, San Telmo Museoa.eus

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button