Nontzeberri

Abangoardiako arte adierazpenen diziplinak, “BLV-ART” ekimenean

Bilboko Udalaren eta auzoko zenbait kultur eragileren eskutik, BLV-ART ekimenaren edizio berria izango da ekainaren 5etik 14ra bitartean. Bertan, abangoardiako hiriko arte adierazpen diziplina anitzak programatu dira, “auzoa biziberritzeko elementu bultzatzaile gisa, Kulturaren aldeko apustua egiten duen plan bereziaren barruan”, adierazi dute antolatzaileek

Hala, performanceak, antzerkiak, dantzak, erakusketek, galeria eta sorkuntza espazio berrietara egingo diren bisitak eta hainbat tailer iragarri dituzte.

Programazioa asteazken honetan, ekainaren 5ean, abiatuko da, hainbat proposamenekin. Horien artean, Colectivo in Extremis taldeak aurkeztuko duen Gesto antzerki-hitzaldi pieza dibertigarria. Hitzordua, Berreginen Museoan, 20:00etatik aurrera.

Osteguneko programazioak Huts Teatroaren Hozkailua jasoko du Bilborocken, 20:00etan. Ander Lipus eta Patricia Urrutia egiten ari diren euskarazko antzezlanaren birari amaiera emango zaio bertan. Eta leku berean baina ostiralean, ekainaren 7an, Moon Produkzioak taldeak  Besteen heriotzak irrati-antzerki eszenikoa aurkeztuko du, Siriako gerra eta migrazio krisialdia ardatz direla, “intransigentzia, gerra, ihesa eta migrazioa lantzen dituen antzezlana”.

Asteburuko egitarauarekin jarraituz, azpimarratzeko emankizunen artean, esaterako, bi proposamen eszeniko apurtzaile aurkeztuko dira. Ekainaren 8an,  DÁ DÁ DÁ konpainiaren Taberna Dadá lanaren estreinaldia izango da Sarean Elkartean, 25 minutuko hiru emanaldirekin: 18:30ean, 19:15ean eta 20:00etan. Eta biharamunean, Mariaren Bihotzaren Plazan, auzoaren historia balioan jartzeko janaria, auzokideen kontakizunak eta sormen adierazpena bateratzen dituen Poéticas del gusto Madrilgo taldearen esperientziarako ekimena izango da, goizeko 11:00etatik aurrera.

Azpimarragarriak ere badira inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortu diren galeria berrietara eta hiriko artearekin erlazionatutako guneetara egingo diren bisita gidatuak. Horien artean, Arty Walks, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak: euskaraz eta gaztelaniaz, Bilbo Zaharreko hainbat gune bisitatuko direla. Bisitak ekainaren 7an eta 8an izango dira, 18:00etan, bi ordu inguruko iraupenarekin.

Egitarau oparoa eta anitza beraz, ekainaren 14ra arte, BLV-ART egitasmoak iragarri duena. Informazio osoa, hemen.

Exit mobile version