BESTELAKOAK

Saloietatik barrikadetara

Bilboko Foru Liburutegian, Laura Freixas eta Josune Muñoz adituek Rebeldes y revolucionarias. De los salones a las barricadas izeneko hitzaldi-zikloa atondu dute. Apirilaren 7ra bitartean, ezezagunak diren hainbat figura gaurkotuko dira parte hartuko duten adituen eskutik.

Aste honetan abiatu da ekimena Olimpia de Gouges biografia aletu duen Oliva Blanco adituarekin.
Datorren astean, martxoaren 10ean, Isabel Moyano Louise Michel. La virgen roja izeneko hitzaldia egingo du. Emakume hori frantziar anarkista bat izan zen, eskola-maistra, ekintzaile iraultzaile eta Parisko Komunako kiderik garrantzitsuenetakoa. Beste buruzagi batzuekin batera, hiriko gobernua antolatu eta haren defentsan parte hartu zuen. Atxilotu eta zigortu zuten; azken finean, emakumeek langile-klasearen eskubideen alde egindako borrokaren ikur bilakatu zen. Deportatu zuten, baina 1880an Frantziara itzulita talde anarkistetan ibili zen, hil arte.

Martxoaren 17an, izango da hurrengoa. Ana de Miguel adituak Alejandra Kollontai errusiar iraultzaile marxistaren bizitza eta obra jorratuko ditu. Familia autoritarioa eta sexu-zapalkuntza hautsiko dituen ikuspuntu iraultzailean oinarritu zuen berak emakumearen askatasunaren aldeko borroka.

Martxoaren 24an, Eva Palomok Sylvia Pankhurst y el movimiento sufragista izeneko hitzaldia emango du. Emakume hura ingeles aktibista izan zen, sufragismoa eta komunismoa babestu zituena.

Mary Nash adituak Federica Montseny. La primera mujer ministra en España izeneko mintzaldia egingo du martxoaren 31n. Madrilen jaiotako anarkista eta idazle kataluniarra izan zen Federica Montseny, FAI eta CNT erakundeetako buruzagia. Osasun ministro izan zen 1936-1937 urteetan. 1939an erbestera joan behar izan zuen, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. 1977an Espainiara itzuli zen, eta CNT erakundea bultzatzeko lanari ekin zion. Zenbait liburu ere idatzi zituen.

Azken emanaldia apirilaren 7an izango da, eta protagonista politikari marxista eta filosofiako irakaslea den Angela Davis izango da. Gaur egun, beltzen eta emakumeen eskubide zibilen aldeko borrokan dihardu, pentsamendu eta diskurtso marxista ardatz hartuta. Sara Cuentas adituak bere bizitzaren zertzeladarik garrantzitsuenak emango ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button