BESTELAKOAK

“Salda Badago!”, Euskal Herriko Jardunaldi Feministak ate joka

Hamar urte igaro ondoren, Euskal Herriko mugimendu feministak mugimenduaren ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu ditu asteburuan, azaroak 1, 2, eta 3an, Durangon.

Urte luze hauetan, askotarikoak eta oso anitzak izan dira talde feministetan izandako eztabaidagaiak, unean uneko errealitate eta premiei erantzuten zietenak. XXI.  mendean sartuta aldiz, antolatzaileek azaldu dutenez, “batetik, mugimenduaren erraiak aldatu egin dira, eta MFren ikusgarritasuna, legitimitatea eta mobilizatzeko gaitasuna areagotu eta indartu egin dela ere bistakoa dela ezin ukatu”.

Bestetik, eremu sozial, ekonomiko, politiko, ideologiko zein instituzionalean askotariko  aldaketak gertatu direla ere argitzen dute. “XXI.  mendean, kapitalaren mugikortasun askeak, politika ekonomiko neoliberalek, krisi ekonomiko sozialak kasu, azken hamarkadetan herritarron egoera sozio-ekonomikoa guztiz baldintzatu baitute”. Lehia horretan, herritarren, langileen eta, bereziki, emakumeen prekarizazioa areagotu dela esatea zilegi baita.

Hori guztia aintzat hartuta elkartuko dira feministak Durangon, egoeraren analisiak partekatzeko eta batez ere, aurrerantzean, estrategia bateratuak zehazteko. Horretarako, hainbat helburu jarri dizkiete V. Jardunaldi Feministei: egungo testuinguruak feministei eta,  oro  har, emakumeei eskaintzen dizkieten aukerak eta oztopoak identifikatzea; iazko zein aurtengo martxoaren zortziko greba feministaren uholdearen ezaugarriak eta ondarea partekatzea; MFaren subjektu politiko feministaren inguruan eztabaidatzea eta adostea; MFaren antolaketa ereduaren eta militantzia feministaren inguruko diagnostikoa egitea;  eta aurrera begirako urratsak identifikatzea, besteak beste.

Beraz, bost ardatz nagusi izango dira aztergai datozen egunotan Durangoko jardunaldi feministetan: Mugimendu feministaren erraiei begira; Gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatua; Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzen; Gorputzak, Burujabetzak eta Dekolonialitatea; eta Sexualitateak, eta ezinbestean, bost ardatz horiek elkarri lotuta daudelako”, antolatzaileen esanetan. Hala ere ez dira alde batera utziko Antolakuntza eredua, saretzea edota euskara, aniztasuna zainduko den eredu baten bila, euskara erdigunean jartzea baita asmoa.

Hala, jardunaldietako edukien bost ardatzak baliatuko dituzte egitarauaren espazioak egituratu eta osatzeko. Batetik, mahai-inguru nagusiak eta ponentziak eztabaidatzeko espazioak izango dira. Bertan, kolektibo feministetako ponentziak hobetsiko dira. Bestetik, hitzaldiak, panelak, talde dinamikak, ikus-entzunezko proiekzioak, etab. proposatuko diren jarduera paralelo edota tailerrak ondu dituzte, nahi duenak bere ekarpena egiteko aukera zabalduz. Asanblada parte hartzailea izango da eguneko egitarauari amaiera emateko beste ekimen bat, eta mahai eta eztabaidetan landutakoa begirada zabal batekin jasotzeko helburua izango dute. Eta azkenik, espazio kultural-artistikoak egongo dira, eta lengoai  artistikoaren bitartez egindako ekimen  feministentzako espazioa ahalbidetuko da: erakusketak, ikus-entzunezkoak, antzerkiak… Ekimen hauetarako espazioa, formatua eta iraupena zehaztuko dira jasotzen diren proposamenen arabera.

Euskal Herriko mugimendu feministaren lana, herriz herri landu dena, islatuko da beraz datozen egunotan Durangon. Izan ere, aspalditik ari dira talde feministak tokian tokiko aurkezpenekin. Bertaratzeko interesa duenak aurrez izena ematea eskatu dute antolatzaileek  saldabadagojardunaldiak.eus atari digitalean eskuragarri jarri duten inskripzio fitxa beteta. Eta egitarauaren egunez eguneko informazio osoa ere  web orrialde horretan duzue.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu