IKUS-ENTZUN

Sakonera poetiko handiko obra

Zinebik, bere 60. edizioko Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiarrari emango dio, “sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea aintzatetsiz”. Gaur goizean, horren berri eman dute Arriaga Antzokian egin den prentsaurrekoan.

Zinegileak Jaialdiaren omenaldia jasoko du Zinebi 60ren amaiera ekitaldian, ostiral honetan, 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Hitzordu horretan ere, Torontoko Zinemaldian estreinatu berri duen Blue lana, eta Apichatpongek eta Thailandiako zinegile garrantzitsuenetako batzuek (Aditya Assarat, Chulayarnnon Siriphol eta Wisit Sasanatieng) zuzendutako 10 Years Thailand talde lana ere pantailaratuko dira.

Horrez gain, jaialdiak zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzera begirakoa eskainiko du Guggenheim Museoan, gaur eta bihar. Bihar, Guggenheim Museoaren auditorioan, bere filmen inspirazio iturri diren kultur eta arte erreferentzietan, eszenarako moldeetan eta antzezleekin egiten duen lanean zentratutako masterclass bat eskainiko du. Ekitaldia bihar izango da, 20:00etan.

Zinebiren arabera, Apichatpong Weerasethakulek zinemagintzan egin duen lanean “errealitatea, fantasia, ametsak, amesgaiztoak eta mamuak, bere arauen arabera funtzionatzen duen leku berean bizi dira. Berea exijentzia eta poesia maila altuko zinea da eta, aldi berean, lehen mailako emozioetara ere jotzen du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button