BESTELAKOAK

Bihar hasiko da Durangoko Azoka

Aurtengo azokaren gai nagusia erotismoa izango da, eta Argizaiola saria Imanol Urbieta musikariari emango diote. Herrialde gonbidatua berriz, Kurdistan izango da.

Bestalde, Ahotsenea Sortzaileen Gunea urtero ahalegin berria egiten ari da bisitarien artean aurreko bi urteetan izan duen harrera onari ahalik eta erantzun egokiena emateko.
Horrela, aurten lau egunez izango da zabalik, abenduaren 5etik 8ra bitartean hain zuzen. Egunero zabalik egongo da goizeko 10:30etik 20:00ak bitartean eta ordu erdiro solasaldi, aurkezpen eta emanaldiak izango dira idazle eta musikariekin, beti ere, sortzaile euskaldunek haien sormen-lanak erakusteko tokia izan eta lan horien hartzaileekin harreman estuagoa izan dezaten. Orotara, 76 ekitaldi izango dira, aurkezpen, solasaldi, errezitaldi eta kontzertu, tartean, eta gutxi batzuk aipatzearren, Gose, Ken 7, Mursego, Irati Jimenez, Miren Agur Meabe, Jon Benito, Pirritx, Porrotx, eta Marimotots, edo Bonberenea diskoetxeak aurten argitaratu dituen nobedadeekin.

1965ean sortu zen Gerediaga Elkartea xede garbi batekin: Durangaldearen ondarea eta kontzientzia berreskuratzea eta indartzea. Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea hartu zuen izena eta harrezkero toki horretako ondare historiko-artistiko-kulturalean lan egin du.
Durangoko Azoka bere bulkadatik sortu zen eta orain urteroko hitzordu galanta da euskal kulturari disekzioa egiteko orduan.
Jon Irazabal ekimenaren zuzendariak krisia elea erabili zuen Azoka aurkeztu zen egunean, eta aurtengoa ez zela Gerediaga Elkarteak irudikatuko lukeen azoka adierazi zuen, izan dituzten bitartekoak urriak izan baitira (%30 murriztu zaie aurrekontua).
Halarik ere, literatura, musika, ikus-entzun, antzerki eta beste mila gairen gaineko interesa pizteko gune handiak, abenduaren 4an zabalduko ditu bere ateak aurten ere.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button