ARTEA

Saioa Etxebarria artistaren “#Fotosaio” erakusketa, Basaurin

#Fotosaio kamera mota ezberdinekin egindako argazki sorta da. Egileak telefonoaren bidez irudiak ia automatikoki harrapatzen ditu, eta #fotosaio traolarekin bere instagram kontura bidali ditu azkenengo bost urteetan. Horiek guztiak batuta sortu da seriea. Erakusketa apirilaren 1era arte ikusi ahalko da Basauriko Taberna Nagusia aretoan.

Hala azaldu digu egileak: “Argazkiak enkoadraketa zinematografikorako ariketa gisa hartzen ditut. Dokumental sail bat da hau, eta birsortutako egoeren irudiekin zabaltzen da, zineman bezala. Itxuraz berdina den horretan aldea ikusteko ahalegina da. Erabakitzen dut figurante gisako kolaboratzaileak izatea, eta reflex kamera digital batekin forma ematea. Kolaboratzaile diren aktore, ilustratzaile eta diseinatzaileekin topatu izanaren itxura egin, eta izan zenaren eta izango denaren oroitzapena aldatzen dugu. Horrela, ustekabeko topaketei, oroimenaren berreraikuntzari eta besteekiko irudiari buruzko azterketa  sortzen dut.

Erakusketak Esenciales izeneko aurreko etapa bateko piezak ere baditu, “begiradaren bidez galderei erantzuten dieten gertuko pertsonen erretratuak”.

Saioa Etxebarria basauriarra ikus-entzunezko sorkuntzaren inguruan diziplina anitzeko artista da: arte-zuzendaria, argazkilaria, kamera dokumentaletan, diseinatzailea eta prestatzailea telebista-ingurunetan. Pimpi & Nella films taldeko kidea da Iratxe Fresnedaren zuzendaritzapean. Kamera lanak eta argazki-zuzendari lanak egin ditu Irrintziaren Oihartzunak (2016) filmean; kamera eta arte-diseinu lanak Cold Lands (2018) filmean; arte-zuzendari lanak film laburretan, Tener o no tener (Alvaro de Miguel, 2017)  kasu;  eta kamera finko  lanak Neuroworld (Borja Crespo, 2013) film luzean.  Makina bat erakusketa burutu ditu: Bilboko BBVA aretoan, Getxoarten, Rina Bouwen galerian, Camargo Elektronikoan, D-Spacion edo Barakaldoko Gazte Bulegoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button