MUSIKA

Mursego eta The Ex Kafea eta Galletak ekimenean

Mursegok Bi (2) izenburuko bigarren lana aurkeztuko du larunbatean, hilak 5, Gernikako gaztetxean, Kafea eta Galletak ekimenaren baitan. Arroitajauregi bere bakarkako egitasmoarekin estreinakoz oholtzaratu zenetik, oso harrera ona izaten ari da zale eta hedabideen artean. Disko horretako kantuak ez ezik, The Ex talde holandarrak eta Tom Cora txelo jotzailearekin grabatu zuen Scrabbling at the Lock diskoa entzuteko aukera ere izango da, Maitek berak aukeratuta.

Honatx Kafea eta Galletakeko kideek bidali duten oharra (osorik itsastea eta irakurtzea merezi du): “Aspaldi erabaki genuen 25. saiora iristen ginenean Mursego izango genuela gurean, jotzen eta diskoa aukeratzen. Kafea eta Galletak saioz saio sortzen den lagunartean musikaz gozatzeko espazioa izan da hasieratik. Entzun dugun diskoa entzun genezakeen onena izan da beti entzuten genuen bitartean. Jo duen taldea, une horretan entzun genezakeen onena. Kafea…egunaren arabera. Maitek hasiera-hasieratik lagundu digu: ahal izan duen saio guztietara etorri da, galletak atondu ditu, harrikoa egin du, kantatu eta dantzatu du. Garrantzitsuena, entzule aktiboa izan da. Ezin zaigu inor hoberik bururatu Kafea eta Galletak zer den adierazteko. Horregatik izango da gurean martxoaren 5ean.

Asko poztu ginen The Ex-ek Tom Cora-rekin 1991n grabatutako Scrabbling at the lock aukeratu zuenean. The Ex gure taldeetako bat da, eta Matadeixen eman zuten kontzertua gure bizitzako oroitzapen musikal berezienetakoa. Gogoan dugu musika-aldizkari batean egin zieten elkarrizketan esan zutena (zeharo brechtiarra): politikoa izateko, talde batek musikaren formak irauli behar ditu; musika hegemonikoa eginez hitz politikoak kantatzea propaganda hutsa da. Zoritxarrez, Euskal Herrian gehiegi dakigu horri buruz.

Kasu honetan, Tom Corarekin grabatu zuten, besteak beste, Skeleton Crew talde handiko kidea, Fred Frithekin batera, eta klasikotik kanpo zerbait egin nahi zuten txelisten erreferenteetako bat. Galdetu Maiteri bestela”.

Kafea eta Galletakek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button