Nontzeberri

Saforen poesia guztia, euskaraz irakurgai

Balea Zuria argitaletxeak, Maite Lopez Las Herasek eginiko itzulpenarekin, Saforen Poesia guztia izeneko lana kaleratu du. Atzo Balea Zuria argitaletxeko ordezkariek eta Maite Lopez Las Herasek lanaren aurkezpena egin zuten.

Duela 2600 urte idatzi zituen Safok bere poemak, eta hala ere bizi-bizirik dago. Osorik poema bakarra heldu da guganaino; gainerakoa, pasarteak eta zatiak dira. Asko idatzi zuen Safok, baina, zoritxarrez, ia dena galdu egin da. Epika nagusi zen garaian, lirikari heldu zion Safok, eta leku zabala eskaini zion maitasunari. Nolanahi ere, maitasun lesbikoarekin lotu izan dugu Safo, baina hori baino harago doa oraindik. Maitasuna kolore askotakoa dela erakusten dute haren poemek, eta haren poesia ulertzeko behar-beharrezkoa da maitasuna bere zentzurik zabalenean ulertzeko prest egotea. Maitasuna edertasunarekin lotzen baitzuen Safok. Norbait maitatzen badugu, norbait hori ederra da.

Maite López Las Heras itzultzaileak hitzaurrean dioen bezala, “Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Olerkien edukia eta erritmoa egilearen generoari erreparatu gabe eta horrek berarekin dakartzan konnotazioak erabat baztertuz arnastea, horixe da poesiaren zinezko kutsua”.

Ez da inoiz hiltzen edertasunari egiten dion kantua, edo berak zioen bezala, “eguzkiaren eta edertasunaren desira distiratsua”. Safo agorrezina da, bere hitz bakoitzak taupaka egiten du, kantuan ari da distiratsu Egeoko iparraldeko uharte urrun hartatik.
Eta orain poema horiek euskaraz irakurtzeko aukera dugu.