Nontzeberri

Ruper Ordorikaren kontzertu akustikoa, Arriaga Antzokian

Bilboko Arriaga Antzokiko oholtzara igoko da igande arratsaldez Ruper Ordorika, euskal musikako erreferente eztabaidaezina. Hala, Bakarka diskoa agertu ondoren, ahots eta gitarra soilez arituko zaigu oholtzan zuzeneko akustikoan. Hitzordua, igandean 19:00etatik aurrera.

Bertan, oñatiarraren ahots berezia ia biluzik iritsiko zaio publikoari, gitarra soilik lagun duela. Egilearen azken egitasmoa dastatzeko aukera paregabea, zalantzarik gabe.

Euskal kulturaren izen handia da Ruper Ordorika, bai  bere ibilbidean idatzitako kantuei esker, baita Bernardo Atxaga edo Joseba Sarrionandia bezalako idazleen testuekin egindako lanagatik ere. Nortasun propioa duen egilea denik ere inork ezin ukatu, bere ahots berezi eta musikaltasun oparoaz gain, testu bikainak ere lantzen dituelako. Eta musika-ikuspegi landua duen artista ere bada, herri-tradizioarekin eta abangoardiako musikariekin lan egiteko gai dela erakutsi duena.

Bere ibilbidean, hamabost diskotik gora kaleratu ditu, bai eta Hiru Truku taldearekin ere. Ruper Ordorika gaur egun ere maila gorenean dabil euskal musikan eta euskal kantagintzan, Bakarka  bere azken diskoak erakusten duen moduan. Euskal kantagintzako oihartzun sakoneko kontzertu berezia, zalantzarik gabe igande honetan Arriaga Antzokian.

Sarrerak erosteko eta informazio gehiagorako sartu www.teatroarriaga.eu web atarira.

Exit mobile version