MUSIKA

Killerkume Europan barrena arituko da hil honetan

Killerkume bikote bilbotarrak bigarren bira hasiko du, laster, Europan barrena. Kontzertuotan, Gasteizko Viva Bazooka taldea izango du ondoan; alegia, formatu eta izaera bereko bi talde: gitarra eta bateria, eta biak ala biak instrumentalak.

Killerkumek iaz argitaratutako diskoa aurkeztuko du, Industrial Sunbath. Grabazio bikain horren inguruan haxe idatzi genuen 2016ko abenduan: “Hala, Killerkumek nahi duena egiten du. Rock eskemetatik inoiz baino gehiago urrunduz, zaratan jarduten duen musikari jazz zale baten gisara dihardu bikoteak, askatasun osoz, inprobisatzen, ehundurak eraikitzen, giroak sortzen… Batzuetan badirudi doinua galdu egingo dela, haustear dagoela, baina ustezko ordenarik gabeko zurrunbilo horretan denak hartzen du zentzua, eta pieza borobiltzen dute. Soinu-magia balitz bezala”.

Bi taldeek Europan egingo dituzten emanaldien harira, honatx zerrenda: 7an, Tolosako Bonberenean izango dira; 8an, Bordelen; 9an, Parisen; 10ean, Estrasburgon, eta 11an, 12an eta 13an, Belgikan eta Holandan ibiliko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button