MUSIKA

Rubén Bladesen eta Too Many Zooz bandaren emanaldiekin hasiko da Donostiako Jazzaldia

Rubén Blades salsa musikari panamarrak eta Too Many Zooz kaleko jazz banda estatubatuarrak irekiko dute Donostiako Heineken Jazzaldia. Kontzertua doakoa izango da, eszenatoki berdean, 21:00etatik aurrera.

Panaman jaioa, Bladesek New York hirian burutu du bere ibilbidearen zatirik handiena. Izan ere, bere lan ezagunenak Willie Colón musikariarekin egin zituenak dira, Fania zigilu ospetsuarentzat, salsak New Yorken eztanda egin zuen garaian, 1970eko hamarkadaren amaieran. Harrezkeroztik, 20 diskotik gora grabatu ditu, eta makina bat artistaren grabazioetan parte hartu du. 13 Grammy sari jaso ditu, eta aktore ere aritu izan da. 2004tik 2009ra Panamako turismo ministroa izan zen, Martin Torrijos presidentearen agindupean.

Too Many Zooz taldeak ere New York hirian garatu du bere ibilbidea, hiri horretako metroan, hain zuzen. 2013an eratu zuten taldea Leo Pellegrino (saxo baritonoa), Matt Doe (tronpeta), David King Of Sludge Parks (perkusioa) musikariek. Haien aburuz, “brasshouse” estiloa jorratzen dute, alegia, soul, funk eta jazz uztarketa bat. Jazzaldiaren arabera, “Pellegrino eta Doe New Yorkeko Metroan beren errepertorioa erakusten hasi zirenean, Union Square-n, bereziki; kalean zihoan jendeak haien emanaldiak grabatzen zituen eta, sarera igo ostean, biral bihurtzen ziren”.

Jazzaldia inauguratuko duen gaurko egitarauan parte hartuko duten beste artista batzuk hauexek dira: Bruce Barth Trio: The Grateful Dead Project, Julian Lage Trio, Trizak, eta Dick Oatts & Víctor De Diego Quintet.

Informazio guztia: heinekenjazzaldia.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button