MUSIKA

Rock-and-roll eztanda Bilbon eta Donostian

Amerikako Estatu Batuetako rock-and-roll taldeen kontzertu interesgarriak ikusi ahalko dira Bilboko zenbait aretotan bihartik aurrera: The Zeros (bihar, irailak 20, Kafe Antzokia); Dan Stuart & Sacri Cuori Band (etzi, irailak 21, Azkena), eta The Cynics (etzidamu, irailak 22, Kafe Antzokia). Azken horiek Donostiako Le Bukowski tabernan ere izango dira igandean, irailak 23.

The Zeros AEBetako punk rock talde klasikoak Bilboko Kafe Antzokian joko du irailaren 20an. Mexikar jatorria duen taldeari Mexikoko Ramones ezinena jarri zioten, New York hiriko laukotearen antzera maisuak zirelako punk, pop eta rock-and-roll estiloak uztartzen; horren erakusle Don’t Push Me Around doinu ezaguna.

Kaliforniako laukotea 1976. urtean eratu zen Chula Vista hirian, eta  urtebete geroago lehendabiziko kontzertua eman zuen The Germs eta The Weirdos punk bandekin. Urte berean Bomp! zigilu klasikoak Wimp eta Don`t Push Me Around kantuak biltzen zituen singlea argitaratu zuen. 1979an, halaber, Beat Your Heart Out eta Wild Weekend kantuak plazaratu zituen diskoetxe berak zazpi hazbeteko bigarren single batean. 80ko hamarkadan, baina, taldeak jotzeari utzi zion. Taldea honako musikari hauek osatu zuten: Javier Escovedo (ahotsa eta gitarra); Hector Penalosa (baxua); Baba Chenelle (bateria), eta Robert Lopez El Vez (gitarra).

Dan Stuart, berriz, musikari ezaguna da rock-and-roll zaleen artean, 80ko hamarkadan Los Angeles hiriko Green On Red talde ezaguna zuzendu zuelako. Egun Italiako Sacri Cuori Band taldearekin jotzen eta grabatzen ari da. Oraintsu The Deliverance of Marlowe Billings izenburuko diskoa argitaratu du. Bertan, Mario Benedettiren olerkian oinarrituriko What about laughing about? kantua bikaina jasotzen da, ondoko bideoan entzun daitekeena.

Bestalde, Euskal Herrian jarraitzaile ugari dituen taldea da The Cynics. 60ko urteetako garage-rock doinuen zale amorratuak ziren makina bat talde sortu ziren mundu osoan 80ko hamarkadan. Eszena horretan eratu zen The Cynics. Halere, urteen poderioz rock-and-rolla, garage-rocka, psikodelia eta popa uztartzen dituen estilo propioa jorratzea lortu dute Pittsburgh hirikoek. 1986. urtean argitaratu zuten euren lehendabiziko lana, Blue Train Station. Hiru urte geroago euren gailurrera iritsi ziren Rock ‘n’ Roll diskoarekin, eta orain Spinning Wheel Motel lana aurkeztera datoz Bilbora eta Donostiara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu