EZLEKUBAT

Ramon M. Zabalegi: “Oso garrantzitsua da zerekin elikatzen duzun zure burua”

Bidasoa inguruko bIDEhUTS kolektiboak plazaratzen dituen hainbat diskoren azalen atzean dago Ramon M. Zabalegi (Irun, 1976). Batzuk diseinu primitiboak dira, beste, batzuk, berriz, garaikideagoak, baina guztiak nortasun handikoak. Sortzaile ez ezik, musika zale amorratua ere bada Zabalegi. Izan ere, makina bat kontzertuen izaten da, lehenengo lerroetan, beti irrifartsu. Azken boladan, gainera, argazki kamerarekin aritzen da.

Noiz eta nola hasi zinen diskoen azalak diseinatzen?

2008an Lisabörentzat kamiseta bat egin nuen, 1215. katean kantuarena. Hurrengo urtean Anarirentzat beste bi egin nituen, Diogenesen sindrome emozionalarenak biak. Horren ondotik, bIDEhUTSek 2010ean nere lehen azala eskatu zidan, Mikel Laboaren omenez atera zuen diskoarena. Aurretik Küm-entzat Aztarnak eta Haziak diskoarentzat irudi bat ere egina nuen, eta kartel asko.

Zer nolako prestakuntza jaso duzu? Zeintzuk dira zure erreferentzia nabarmenenak?

2004 eta 2005ean Londresen bizitzen izan nintzen diseinatzaile grafiko batekin. Hark oinarri batzuk eman zizkidan: kaletik dena aztertzen genuen, informazio bisual amaiezina dago halako hiri batean. Gaiaren inguruko liburu dezente ere pasatu zizkidan. Ilustrazio eta pinturari dagokionean, autodidakta naiz: Lakaxita gaztetxerako kartel mordoa egitea izan da nire prestakuntza. Horrez gain, argazkilaritza ikasi dut, Ivasfoten, Donostian.

Oscar Molina argazkilariari entzun nion behin oso garrantzitsua dela zerekin elikatzen duzun zure burua, eta ados nago. Ez bakarrik zure arloan, baizik eta guztietan. Klee, Schiele, ukiyo-e japoniar grabatuak, Bauhaus, Louise Bourgeois, Basquiat, art brut, arte primitiboa….erreferentziak badira, baina neurri berean ere Kaurismaki, Haneke, Jarmusch, Kim Ki-Duk, Wes Anderson…edo Nan Goldin, Diane Arbus, Joel Sternfeld, Anders Petersen…Baita ere musikariak, noski. Hasiz gero ez dut amaituko izenekin.

Gaur egungoa eta hemengoa den artista bat aipatzeagatik Blami oso ona iruditzen zait.

Bidehutseko lanengatik ezagutzen zaitugu, baina bestelako taldeen azalik egin duzu?

bIDEhUTSekin egin ditut lan gehienak. Bertan lagun asko ditut, eta egiten duten lana eta nola egiten duten gertu sentitzen dut. Erreferentzia estetiko eta etikoa dira neretzat. bIDEhUTSetik kanpo Bonberenea Txarangak Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egin zuten lanaren diseinua egin nuen eta irudi solteak ala argazkiak Küm, Amodio, Imago4, Sacco-rentzat…nolanahi ere gertuko jendearentzat beti.

Momentu honetan Göo Iruñeko DJaren EPa eta Tin Trails taldearen lanarekin ari naiz (Felix Buffek, bere anaiak eta New Yorkeko beraien lagun batek duten proiektu berria). Urtean zehar antza denez egongo dira beste batzuk egiteko ere. 

Azalen diseinua  musikariekin elkarlanean egiten duzu? Edo bakarka aritzen zara? Zein da prozesua?

Prozesua aurrera doan heinean komunikazioa garrantzitsua iruditzen zait. Jendeak lan eta ilusio handia jartzen du disko batean, eta kontent geratzea inportantea da. Hori oinarri, kasuak eta kasuak badaude, batzuetan ideia oso argiak dira eta besteetan ez. Lisabök Animalia-n azaleko irudia garbi zuen adibidez. Hori atondu eta hortik abiatuta gainerakoa elkarrekin diseinatu genuen, elkarlan estuan. Beste kasu batzuetan oso irekia da, Joseba Irazokik Oso Bandarako ‘zeozer dadaista, umoretsua’ nahi zuela aipatu zidan, eta askatasun osoa izan nuen. Izenburua ere proposatu nion. Lan egiteko bi moduak gustuko ditut.

Gauza bera da CD baterako edo Lp baterako diseinua egitea?

LP formatuan espazio handiagoa dago, eta badu garrantzi gehiago irudiak. 7″ eta 10″ko formatuak ere politak dira. Disko bat eskuratzen dudanean ere, nahiago dut biniloa. CDa ez dut oso gustukoa.

Zure lanetatik zein duzu gustukoena?

Normalean gustura geratu arte ezin dut lana amaitutzat eman, horretan oso tematia naiz. Momentu honetan azkeneko bi lanak esango nituzke, A ala B eta Oso Banda, gertuen ditudanak direlako. Biak oso desberdinak dira, litografia eta collagea, eta begiratzen ditudanean biekin pozik nago.

Txinaurriak beti izango du leku berezia nire bihotzean. Lehenengo azala izan zen, eta inplikazio emozional ikaragarria izan zuen. Ez nuen azala edo diseinua soilik egin, proiektu osoan hartu nuen parte. Ez dut uste proiektu horretan parte hartu zuen inorentzako disko edo bilduma arrunt bat izan zenik. BIDEhUTSeko lagunekin zenbait hilabetez oso momentu intentsoak konpartitu nituen, batez ere onak eta tarteka txarrak ere bai. Arrastoa utzi dute, gure arteko laguntasuna indartu zuten. Hori lanetik askoz haratago doa.

Txinaurriak bilduman egindako lana bereziki interesgarria iruditzen zaigu. Nola bururatu zitzaizun diseinu hori?

Ohorea izan zen holako proiektuan parte hartzea; erantzukizun handia baita ere, gaizki pasa nuen momentu batzuetan. bIDEhuTSek koadro bat eskatu zidan, Mikel Laboaren diskoen tradizioa jarraituz, badakizue Zumeta handiaren margoak direla haietako asko. Txinaurri baten marrazki nahiko figuratiboa egin eta hortik abiatuta, hura deskonposatzen joan nintzen, baina hasierako elementuak mantentzen, eta berri batzuk gehitzen. Taldeek abestiekin egiten ari zirena nolabait irudikatzen. Bertsio asko egin nituen, azkeneko emaitza haietatik xinpleena da. bIDEhUTSen oso konten zeuden lanarekin. Marisolek eta Mikelen seme-alabek berdina adierazi zidatenean arnasa hartu ahal izan nuen. Atzera begiratu eta hunkitu egiten naiz.

Zeintzuk teknikak erabiltzen dituzu lanak gauzatzeko?  Ematen du teknologia gutxi erabiltzen duzula…

Akrilikoa, tinta, rotringak, akuarela, collagea. Willis Drummonden A ala B-ren bi azalak litografiak dira, grabatu teknika bat. Horretan, grabatu teknika desberdinetan, interesatua nago, testurak erakartzen nau. Normalean eskuz egiten dut lan, uste dut goxoagoa eta pertsonalagoa dela honela egindako lana. Gero eskaneatu eta muntatzen dut. Batzuetan ordenagailuan zuzenean marratzen dut tableta batekin, baina gero eta gutxiago.

Kartelgintzan ere aritzen zara…. Nolakoa da lan hori? Uste duzu gurean gero eta garrantzi gehiago dutela kartelek produktu artistiko gisa?

Nik beste ezer egin aurretik kartel asko egin ditut, Lakaxita gaztetxerako edo Moskuko Jaietarako. Egiten ditut oraindik. Uste dut hori eskola oso ona dela. Gaztetxeek etengabe behar dituzte (zorionez!) kartelak eta hor badago aukera bat ikasteko, lantzeko eta gainera kalean aplikazio praktikoa izango duen zerbait egiteko. Ederra da kartelak egitea, taldeekin harremanetan sartzea.

Kartelgintza gero eta landuagoa ikusten dut gure artean. XX mende bukaeran marrazki bektorial pila ikusten ziren, denak oso-oso antzekoak. Azkeneko hamar urteetan geroz eta gehiago ikusten dira eskuz egindako ilustrazioak, ederrak asko. Gero eta kartel gehiago serigrafiatuak ikusten ditut ere, badut horretarako gogoa.

Uste duzu Euskal Herrian literaturgintzan zein diskogintzan produktuen diseinuari behar adina garrantzi ematen zaiola?

Zaila da hori erantzuten. Uste dut ikusten direla gauza ederrak tarteka, kultura bisuala duen jendea badagoela, gero eta gehiago agian, baina gutxiengo bat. Ilustrazio, argazki, tipografia edo diseinu aldetik ezer berezia ez duten publikazio asko ikusten dira. Aldi berean ezagutzen dut oso lan ederrak egiten dituen jende dezente, eta lan horiek ez dira publikazioetan ikusten. Agian, ez zaiolako garrantzirik ematen.
Bestelako sormen esparrutan aritzen zara? Zertan ari zara une honetan?

Haizea Arregik idatzitako haurrentzako ipuin bat ilustratzen ari naiz. Bere aurreko ipuinean bi ilustrazio egin nituen, eta oraingoan ipuin osoa izango da.

Argazkilaritzan ere banabil. Aurten Lisabörekin ibili naiz argazkilari, oso gustura, lagun minak direlako. Baina baditut horrekin zerikusirik ez duten beste argazki proiektuak, batzuk martxan, besteak buruan. Denbora eta lana behar duten proiektuak dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button