LITERATURA

“Ramiro Pinilla” Eleberri Laburren Lehiaketak baditu saridunak

Getxoko Kultur Etxeak bertoko Pinillesca elkartearekin elkarlanean antolatzen du Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Lehiaketa, sormen literarioa sustatu eta idazle getxotar ospetsuaren memoria babesteko xedez. Aurtengo edizioak baditu saridunak.

Jokin de Pedro Perez-Saladok (1955, Bilbo) euskarazko saria irabazi du Joana lanarekin. Epaimahaikideek adierazi dutenaren arabera,  “eleberria Frankismoaren azken urteotan girotuta dago eta garai zail horretan euskara bizirik mantentzeko ahaleginak kontatzen ditu. Gai hori oso gutxitan jorratu da orain arte euskal literaturan eta lan honetan lehenengo amodio baten istorio batekin uztartu du egileak, samurtasunez eta soiltasunez idatzia”.

Ziortza Alonso getxotar gazteak, Caro Baroja institutuko DBHko 1. mailako ikasleak, Txiki Baskardo saria irabazi du bi zatiko kontakizun batekin. Kontakizuna “idazleen lanaren eta irudimenaren gorespenagatik nabarmentzen da”.

Gaztelaniazko modalitatetan, Herminia Luque Ortizen (1964, Granada) Las traidoras eleberria izan da garaile. Fernando VII.aren erregealdiko testuinguruan kokatzen da. Horretan, “idazle andaluziarrak erregearen bizitzan gertatutako gorabehera eta intriga erakusten ditu, eta arreta berezia jartzen du berarekin bizi ziren emakumeekin, legezko zein ez-legezko emazteak”.  Egile horrek zenbait eleberri idatzi ditu: Bitácora de Poseidón (2010), El códice purpúreo (2011) eta Amar tanta belleza (2015), azken hori Malagako 2015ko Eleberriaren Sariaren irabazi zuena.

Aurtengo lehiaketan 103 lan jaso dira, horietatik 99 euskaraz. Ramiro Pinilla lehiaketaren epaimahaia Katixa Agirre, Felipe Juaristi eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatu dute. Irabazle bakoitzak 6.000 € jasoko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button