MUSIKA

Thalia Zedek Band eta Anarik Gernikan joko dute otsailean

Thalia Zedek musikari estatubatuarrak eta Anari azkoitiarrak Gernikako Trinkete Antitxokoan joko dute otsailaren 1ean, 21:30etik aurrera. Bi musikariak elkarren osagarri dira, antzeko parametroetan aritzen baitira. Hala Thalia nola Anari beren taldeekin arituko dira.

Estatubatuarrak, gainera, iaz argitaratutako Fighting Season (Thrill Jockey) disko bikaina aurkeztuko du.

Zedek ibilbide luzeko musikaria da, hainbat taldetan aritutakoa baita, tartean, Come, Uzi, Live Skull, edo oraintsu eratutako E izeneko taldean, McCarthy (Karate) eta Jason Sidney Sanford (Neptune) musikarien laguntzarekin.

Gernikan aurkeztuko duen Fighting Season (Thrill Jockey) diskoan, hain justu, talde horietan haizatutako energia eta bakarkako diskoetan bildutako konponketa intimoagoak uztartu ditu, lan politiko bat sortzeko.

Eve (Thrill Jockey, 2015) izenburuko diskoa jasotzeko eratutako talde bera izan du ondoan estudioan oraingoan ere: Dave Curry (biolina eta aspaldiko kolaboratzailea), Mel Lederman (pianoa), Winston Braman (baxua), eta Jonathan Ulman (bateria).
Diskoa zabaltzen duen Bend Again kantu ederrean, halaber, luxuzko bi kolaboratzailek parte hartu dute: Come taldeko Chris Brokaw eta Dinosaur Jr. taldeko buru J. Mascis.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button