ARTEA

Raisa Alava artistak “Fotonovela” proiektua erakutsiko du Amurrion

Raisa Alava artista arabarrak Amurrioko La Casona erakusketa-aretoko hormak beteko ditu Fotonovela izeneko proiektuarekin. Erakusketa uztailaren 3tik 31ra arte egongo da ikusgai. Raisa izan zen, Mario Paniego eta Oihane Amurriorekin batera, Eskualdea programaren ekoizpen artistikorako deialdian hautatutako hiru artistetako bat.

Eskualdea deialdian hautatutako Fotonovela proiektua “Amurrioko herritarrekin batera egindako prozesu parte-hartzaile batetik sortu da eta bertan hizketan jardungo dute hizkera grafikoak eta zeramikoak, narratiba modu berriak sortzeko”.

Egileak hala deskribatu bere produkzioa: “Nire proposamena herritarrekin batera lan egiteko espazio bat sortzearen ideiatik abiatzen zen, Amurrioko herritarrak proiektuaren protagonista senti zitezen. Iazko azaroan eta abenduan egindako zeramika-tailer batzuen bidez egin genuen lan hori, eta tailer horiek izan ziren, hain zuzen, azken hilabeteotan garatu dudan sorkuntza-prozesuaren abiapuntua”.

Erakusketan, artistaren beraren ekoizpen grafiko eta zeramikoaz gainera, tailerretan parte hartu duten pertsonek egindako piezak ikusiko dira. “Marrazkia abiapuntu harturik, komikitik datozen elementu errepikariak erabiltzen ditut. Forma bakoitza xehatzen eta banakatzen saiatzen naiz kode berri bat asmatu arte, grafia edo elementu figuratibo moduan (gorputzaren zati bat, adibidez). Ariketa horri esker, narratiba modu berriak sortzen saiatzen naiz, gorabeheratsua denaren eta zentzurik ez duenaren bidez”.

Raisa Alava (Zuaza, 1990) artista eta ilustratzailea da, eta EHUn eta Bartzelonako ELISAVAn egin zituen Arte Ederretako ikasketak. AirWro (Polonia), Maison des Auteurs (Angulema), Irudika, Eskualdea (Artium) eta BilbaoArteko bekak jaso ditu. Egin dituen erakusketak Si aparezco aparezco/ momentuz ez,  eta Ride the Lightning.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button