Nontzeberri

Rainer Werner Fassbinder protagonista Tabakalerako “Nosferatu” zine-programan

Rainer Werner Fassbinder zinemagileari eskainitako atzera-begirakoak hartuko du  protagonismoa Donostiako Tabakalerako Nosferatu programazio egonkorraren baitan, urritik ekainera arte.

Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elias Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera bertako zinema-taldeak elkarlanean antolatutako ekimen honek, oraingoan, Alemaniako Zinema Berriaren aita izateagatik ezaguna den zinegilearen atzera-begirakoaren lagin bat ikusteko aukera emango du, eta ekainera bitarte, zinegile horren 35 film luze, bi film labur eta telebistarako zuzendu zituen bi telesail proiektatuko dira, “Nosferatuk eskainiko dion zikloa Estatuan egin den osoena da”, antolatzaileen esanetan.

Hala, gaur bertan, urriak 2, 19:00etan, Maria Braunen ezkontza (Die Ehe der Maria Braun, 1978), Bigarren Mundu Gerran girotutako filma proiektatuko da. Bertan, aliatuen  bonbardaketen erdian, Maria Hermann Braun soldaduarekin ezkondu da, eta senar ezkonduberria errusiar frontera  itzuli eta desagertu  egiten da. Mariak gerraosteari  bakarrik aurre egin beharko dio.

Datorren urriaren 9an jarraituko du aurrera egitarauak eta ohi bezala, asteazkenetik ostiralera eskainiko diren proiekzio-saioekin osatuko da Nosferatu egitaraua. Proiektatuko diren filmen artean, esaterako, El vagabundo (Der  Stad  tstreicher, 1966); El amor es más frío que la muerte  (Liebe ist kälter als der Tod, 1969); El pequeño caos  (Das kleine Chaos, 1966); Los dioses de la peste (Götter der Pest, 1970); Atención a esa prostituta tan querida (Warnung vor einer heiligen Nutte, 1971); Las amargas lágrimas de Petra von Kant (Die bitteren Tränen der Petra von Kant, 1972)… , zinegilearen  35 film luze orotara, “aukera paregabea da zuzendari ezeroso hau sakontasunez ezagutzeko”, Josemi Beltran Donostia Kulturako Zine Unitatearen arduradunaren ustez.

Rainer Werner Fassbinder zinemagilearen obra gaurkotasunez betea dago eta zine kritikari eta adituen iritziz, “bere filmografia  eraikitzean  erakutsitako  amorrazioak eta irmotasunak ez dute parerik Europako zineman”.  Hala, hogeita hemeretzi pelikula egin zituen 1969 eta 1982 bitartean; eta bi film labur, aurretik, 1966an. Bi telesail ere zuzendu zituen, eta haietako bat, Berlin Alexanderplatz (1980), “Europako fikzio katodikoaren erreferente bat”.  Estilo zuzen eta berehalakoan, soila zenbaitetan, eta gero eta eszeptikoagoa ondoren, diskurtso garratza garatu zuen bere obran: klase arteko desberdintasunei, Estatu terrorismoari, identitate sexualari eta otzantasunean eta mendekotasunean oinarritutako amodiozko harremanei buruz dira bere lanak.  “Estilo erostezin bat, arau sozialen eta zinemaren konbentzioen aurkako deskarga haserre bat zehazten dute bere obrek”, baieztatu dute programazioko arduradunek.

Atzera-begirako horren harira, gainera, Fassbinder+ programa paraleloa antolatu da, zuzendari alemaniarrarekin modu batean edo bestean lotutako beste 17 filmek eta bestelako jarduerez osatutako programa. Hala, urriaren 18an programatu da Fassbinder+ egitarauaren lehen jarduera hitzaldi batekin. Bertan arratsaldeko 19:00etan, Violeta Kovacsics kritikari zinematografikoa eta ESCAC, La Casa Del Cine y Estudio De Cine-ko irakasleak, Fassbinder Alemaniako Zinema Berriaren testuinguruan aztertuko du. Ondoren, 20:00etan, Jean-Gabriel Périot  zuzendariaren Une jeunesse allemande (Frantzia-Suitza-Alemania,2015) filma emango dute.

Egunez eguneko programazioa hementxe duzue.

Exit mobile version