Nontzeberri

“Rafael Mikoleta” euskarazko ipuin lehiaketaren deialdia zabaldu da

Bilboko Udalak euskarazko ipuinen lehiaketan parte hartzeko eskaera-epea zabaldu du, hiriko ikastetxeetan Lehen eta Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasleei zuzendutakoa.

Rafael Mikoleta aurreneko euskal gramatikagilearen izena daraman lehiaketaren helburua bilbotar gazteak euskal literatura eta euskara jorratzera bultzatzea da, euskarazko irakurketa eta idazketa landuz eta sustatuz. 1989az geroztik urtero egin ohi den ekimena da, aurtengoa 32.a, eta  Bilboko ikasleen artean, arrakasta handia duena. Horren erakusgarri da, izan ere, iazko edizioan aurkeztutako lanen kopurua: 753 ipuin.

Sariak lau kategoriatan banatuko dira adinaren arabera eta guztira,12 sari emango dira, ohi bezala, hiru kategoria bakoitzeko.

Horrez gain, iaz sortutako Bilbao Balioen Hiria kategoria ere izango da. Horrenbestez edizio honetan ere, 150 euroko bi sari gehiago egongo dira (DBHko 1. eta 2. mailen, eta DBHko 3. eta 4. mailen kategorietan). Bi sari horietako bat jasotzeko, ikasleek uriko agiri horretan jasotako 17 balioen artekoren bat sartu beharko dute beren ipuinetan: elkartasuna, ahalegina, sormena, giza eskubideen errespetua, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, parte hartzea, konfiantza, ingurumen jasangarritasuna, konpromisoa, justizia soziala eta aniztasuna, elkarbizitza, nortasuna, esfortzua, erantzunkidetasuna, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.

Epaimahaia literaturaren munduarekin lotutako zazpi kidek osatuko dute. Hauek izango dira: Igone Etxebarria, Txani Rodriguez, Lutxo Egia, Juan Ramon Madariaga, Irati Malatsetxebarria, Irune Berro eta Goizalde Landabaso.

Lanak urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko Zuzendariordetzan. Sarituak maiatzean jakinaraziko dira.

Lehiaketaren oinarriak, izen-ematea eta gainerako informazio guztia udalaren webgunean edota bilbaoeuskaraz.eus orrian duzue  eskuragarri.

Exit mobile version