EZLEKUBAT

Rafa Zubiria: “Kamera edukitzeak ez gaitu argazkilari edo artista egiten”

Rafa Zubiria donostiarra da eta 24 urte ditu. Argazkilaria ez ezik, –The Balde aldizkariaren azken alean bere argazki batzuk ikus daitezke-, bideo-sortzailea eta diseinatzaile grafikoa ere bada. Bideo-lanak Videohead izenarekin plazaratzen ditu eta bertan lantaldean aritzen da Alberto Gastesirekin (film labur eta bideoen zuzendaria) eta Alberto Lopezekin (argazki zuzendaria) batera. Hala, Gaztea-rentzat spot-ak egin dituzte eta Bartzelonako Love of Lesbian indie taldearen Cuentos chinos para ninos del Japon laneko Colores de una Sombra doinuari irudiak jarri dizkiote.

The Balde aldizkariaren azken alean zure argazki batzuk ikusi berri ditugu. Argazki horietan lebitatzen ari diren egitura arkitektoniko handiak ikusten dira. Nondik sortu zen serie hau egiteko ideia?
No Way Home (NWH) izeneko serie hau itzultzeko gogo bizitik sortu da. Iraganeko emozioak berriro bizitzeko sentsazioa, emozio horiek burutu ziren tokira joanez. Sarritan emozio idealizatuak dira eta ez oso errealistak. Bada une bat etxera itzultzen zarenean non gauzak modu ezberdinean antzematen diren. Etxeak ez du zertan toki fisikoa izan, hor dago auzo aldagaitza, familia, eta abar. Hamabost alditan itzul zaitezke etxera, eta ikusi guztiak bere horretan jarraitzen duela, bere tokian, baina hamaseigarrenean haustura bat sumatzen duzu. Eta apurtu den hori dena dela, ez dago atzera egiterik.

Interes berezirik duzu arkitekturarekiko?
Arkitektura hutsa baino gehiago interesatzen zait pertsona batek arkitektura edo toki batekiko izan dezakeen lotura emozionala: zubi bat agertzen bada, bakarrik dagoen pertsona bat izango da bertan oinez; egitura metaliko baten tontorrean gero bere buruaz beste egitea erabakiko duen mutila dago. NHW seriean gizakia oraindik presenteago dago, piezatariko batean soilik ikusgai izan arren.

Argazki hauek zure azken lan fotografikoa osatzen dute?

Bai. Orain serie berri batekin nabil lanean. Irudi “pilotu” bat eraikitzen dihardut, ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Abstrakziora iristen saiatzen ari naiz elementu figuratiboen bitartez.

Halaber, bideo-sortzaile eta diseinatzaile grafiko gisa ere aritzen zara. Zein diziplinatan sentitzen zara hobeto?
Mugimenduan dauden irudiek gehiago seduzitzen naute, eta aurrerago garatzea gustatuko litzaidakeen zerbait da. Baina erosoago sentitzen naiz geldirik dauden irudiak konposatzen eta diseinatzen, sortze prozesuaren kontrol gehiago baitaukat, eta urte hauetan gehien landu dudana delako.

Bideoklipak ere egiten dituzu. Lan hau Videohead lantaldearekin eta musika taldeekin koordinazioan egingo duzu. Hala, Love of Lesbian taldearekin egin duzuen lana nolakoa izan da?
Alberto Gastesirekin batera zuzenduriko bideoklipak dira. Love of Lesbian taldearekin myspace bitartez kontaktatu genuen. Gure reel-a erakutsi genien, aurretik eginiko lanekin, film laburrak, telebistarako spot-ak eta bideo-kreazioak, hain zuzen. Gure lana gustatu zitzaien eta Los colores de una sombra kanturako zerbait errodatzea proposatu ziguten. Love Of Lesbianen ia kantu guztiak neska batek suntsitutako mutilaz hitz egiten dute, horregatik pentsatu genuen erroboten istorioa egitea, non emakumezko errobot batek gizonezko errobot bat izorratzen duen. Kantuaren tonua desdramatizatzea ahalbidetu ziguten errobotek, baita umorezko gag txikiak ere sartzea, beti ere, dotoretasuna gordez. Errodajea asteburu batean egin genuen. Bezperan erroboten trajeak egin genituen. Sekuentzia batzuk zirriborratu genituen, baina planu gehienak in situ egin genituen. Gerrillako errodajea izan zen, erabat.

Hitz egin dezagun apur bat zutaz, nola sartu zinen argazkigintzaren munduan?
Duela lau urte oso mugatua zen kamera digital konpaktu bat erori zen nire eskuetan, soilik uzten zidan enkoadraketa lantzen eta atmosferak erdiesten. Ahal nuen guztia esplotatu nuen Londresen egon nintzen egonaldi motzean eta itzuli ostean. Uda bateko soldatarekin reflex digital bat erosi nuen eta hor jauzi txiki bat nabaritu nuen, potretak eta hiri-eszenak lantzen hasi nintzen.

Harrapatzen duzun argazkia bilatu ala aurkitu egiten duzu?
Hasieran aurkitu egiten nuen kamerarekin ateratzen bainintzen kalera egun batean eta bestean. Orain bilatu egiten ditut.

Zeintzuk artistek eragin dizute zure ikuspegi fotografikoan?
Batek ere ez. Kuriosoa da, baina ez dut ezagutzen ezta jarraitzen inongo argazkilari ez artista plastikoren lana. Egia da film asko ikusten ditudala, baina ez dakit ikusten dudanak noraino eragiten dion nire lanari. Duela urte gutxi batzuk Wong Kar Wai-ren espresionismoak liluratzen ninduen, bereziki hain saturatuta dauden irudi horiek, aurkitutako ispiluen jolas hori, nahiz eta meritua Christopher Doyle-rena izan. Doyle kasik bere pelikula guztietan lan egin duen argazki zuzendaria da. Cronenberg-ek gorputz humanoarekiko erakusten duen fetitxismoa laket dut: zuloak, zauriak, zomorroak, metamorfosia, eta abar. Une honetan Gus Van Sant-ek egiten dituen lan zoragarriekin nabil, minimalismoarekin gehiago identifikatzen direnak. Beraz, zerbaitek mugitzen banau, hori zinea da. Eta, nola ez, Flickr.

Analogikoa ala digitala? Abantailak, desabantailak.
Digitala. Bere berehalakotasunagatik gustatzen zait, berehalakotasun horretan argazkia ikusteko aukera dagoelako, eta, gehienbat, dirutza bat aurrezten duzulako. Analogikotik, baina, ehundura eta tonu gogorarazlea atsegin ditut. PhotoShop erabiltzen dut nire argazkiak guzti horrekin kutsatzeko.

Mundu digitalari dagokionez, gaur egun jende guztiak dauka kamera bat eskura prezio txikian, baita argazkiok publikatzeko ehunka toki ere. Zer irizten diozu argazkigintzaren demokratizazio honi?
Demokratizazio hori gabe seguruenik beste gauza batzuk egiten egongo nintzateke. Egia da garai erabat bisualean bizi garela, baina kamera edukitzeak ez gaitu argazkilari edo artista egiten. Bestalde, ez dut ulertzen jende hori, bidaian edo festa giroan dagoenean kamerarekin etengabean ibiltzen dena, eta tokia behatzera, dastatzera gelditzen ez dena. Azkenean gehiago da kameraren LCD pantailara zure burua abandonatzea. Guztia gauzatzeko behar hori, baita bidaia ere, alegia, bidaia egitea gero erakusteko. Guzti hau mundu digitalerekin, sare sozialekin, eta abarrekin eskutik lotuta doa.

Amaitzeko, irudiarekin loturiko zure jarduera non kokatuko zenuke: artea, lana, zaletasuna…

Oraingoz zaletasunean, lanarekin apur bat nahastuz. Espero dut laster hiruretan izatea!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button