EZLEKUBAT

Jon Gerediaga:“Poema bat idaztea bizirik egoteko modu bat da”

Jon Gerediaga Goitiak (Bilbo, 1975) XXI. mendeko euskal idazleen artean bere txokoa izatea lortu du. Antropologian doktore, FTI-Antzerkiola Imaginarioan ibilia da antzezlanen gidoigintza lanetan eta 2003 urteaz geroztik Lauroko filosofia irakasle gisa egiten du lan. Antzerkiez gain, Fitola balba, karpuki tui (2004) eta Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007) poema liburuak argitaratu ditu –azken horrengatik 2008an Espainiako Kritika Saria jaso zuelarik poesian atalean. Orain Zentauro-hankak izeneko azken poema liburua argitaratzear du eta honetaz hitz egiteko geratu gara.

Jainkoa harrapatzeko tranpa liburuaren Jaioberria poeman, “ez dut idazle izan nahi” zenioen. Nolatan orduan azken liburu hau eta aurrekoak?

Bertsolerro hori esaten dut eta argi dago hemen egoteko arrazoia dela idazle bat naizela. Baina nik pentsatu nahi dut, –eta neure buruaz hitz egingo dut-, poesia egitea dela, eta harrokeria izugarria da, baina literatura egitea baino gehiago. Poema bat idaztearen azken helburua ez dela poema bat idaztea; dela norbera biziago egotea, norbera haztea pertsona moduan, gizakiago izatea. Pentsatu nahi dut poema bat idazten dudanean dela literatura baino inportanteagoa; bizirik egoteko modu bat dela. Batzutan “literatura” hitza despektiboa iruditzen zait.

Zein da zure lan berriaren izateko arrazoia?

Liburua idatzi nuenean maitasunaren ospakizun bat egin nahi nuen, baina garaiz, hil ala galdu aurretik. Ez nuen elegia bat egin nahi. Adibidez Oteizaren Elegía a Itziar da aspaldi irakurri dudan maitasun poemarik politena, sakonena, zintzoena, hunkigarriena… Akats bakarra, berandu eginda dagoela da, idazten duela jadanik Itziar ez dagoenean. Eta nik idatzi nahi nion poema liburu bat Idoiari oraindik bizirik dagoela eta berarekin nagoela eta gozatzeko aukera daukadala. Horrela modu intentsoago batean biziko dut maitasun hau.

Horregatik esaten nizun, poesiak zertarako balio du? Justo horretarako. Lortu badut maitasun istorio hau potenteago izatea, orduan helburu handiago bat lortu dut.

Zentauro-hankak. Zein da izenburuaren esanahia?

Zentauroa irudi mitiko bezala gustatzen zait aldarrikatzen duelako apur bat gure gizatasunaren beste aldea, arrazoiaren amets hauekin ahaztu duguna, animaliak ere bagarela. Eta aldi berean gizaki erdibituak garela, erdi animaliak, lurrean, lurrera begira gaudenak eta lurrean bukatuko dugunak. Eta gero daukagula gizakiaren beste parte hori, zerura begira dagoena, Jainkoen bila, Jainkoa harrapatzeko tranpan bezala. Baina oraingoan, motibazioa oso lurtarra da: Idoia. Ondorioz liburua ez dago dedikatua sagardo loreen artean galdurik dagoen buru horri, baizik eta benetan lurra maitagarri egiten duen arrazoiari. Une honetan finkatu nahi dut begirada hanketan, lurrean dauden hanka horietan.


Zentauroa Greziar anfora batean

Zeintzuk dira zure inspirazio iturriak?

Bizitza eta heriotza.  Eta hain zuzen ere liburu berriak bi parte horiek ditu, Eros eta Tanatos. Gainera aldi berean, poema bakoitzean ere bi indar horiek presente daude, biak baitira beharrezkoak.

Liburua Eros-aren ospakizun bat da. Baina batzuetan gertatzen zait, imaginatzen dudala oso modu bizi batean, alboan ditudan pertsonak hiltzen direla edo ni hiltzen naizela, eta orduan da maite dut inoiz baino gehiago alboan daukadan hori. Eta orduan Tanatos-a ere dago.

Loturarik al dago zure hiru poema liburuen artean?

Bai, alde batetik denak direlako poema liburuak eta bestetik, nik idatzi ditudalako. Fitola, lehen liburuan, hizkuntza bat bilatzen nenbilen. Jainkoa-n agian pendiente neuzkan eta aurrekoan beldurragatik edo lotsagatik esan gabe utzi nituen gauza batzuk esan nituen. Eta azken honek, Jainkoa-rekin lotura gehiago dauka tonuan baina Jainkoa zerura begira dago, eta orain lurrean dauden jainko edo jainkosei begira nago.

 
Oraingoan Jon zerura baino lurrera begira dago.

Jainkoa harrapatzeko tranpa geure buruaz beste ez egiteko arrazoiekin bukatzen da. Nola amaitzen da Zentauro-hankak?

Ba ez dakit nola. Jakingo banu, hurrengoa, -hurrengorik baldin badago-, nola hasten den jakingo nuke. Eta ez nago oso ziur. Momentuz, prozesuak ez bizkortzeko, erantzungo dut ospakizun batekin amaitzen dela.

Noiz aterako da zure azken lana?

Uste dut uda ostean aterako dela eta aurkezpen bat egingo dugu. Baina ez dago data zehatzik oraindik.

Zure bizitzako garai honetarako poema bat aukeratzeko eskatuko banizu, zein litzateke?

Hartuko dut literal, momentu honetan da gaur. Irakurri dudan azken poema da Elicura Chihuailaf poeta mapuche baten El sueño de mis abuelos. Eta oso sinplea da baina oso polita. Honela dio: “si pasas por la vida/ y no cultivas el jardín de la amistad/ pasas en vano”. Esaldi bakar batekin hiru bertsolerro, eta badago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button