Nontzeberri

Quaoar eta Adrift, “Hellgoibarko Metal Gaua” festan

Bihar, egingo da Hellgoibarko V. Metal Gaua jaialdia Maala Park-en, 23:00etatik aurrera. Bertan, bi taldetzar arituko dira rock eta metal zale sutsuen gozamenerako: Quaoar eta Adrift. Jaialdia Sinuöse elkarteak ondu du.

Bilboko Quaoar taldeak Dreamers. Dreaming (2015) bere hirugarren lana aurkeztuko du. Maila handiko taldea da, makina bat jaialditan jo duena, bai eta jarraitzaile andana duena ere. Bilbotarren disko eta zuzenekoek sekulako kritika onak jaso dituzte, eta hainbat lehiaketa ere irabazi dituzte; esaterako, Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren 24. edizioan, lau sari jaso zituzten: metal banda onena, Bilboko eta Euskadiko talde onenak eta Last Tour International saria.

Sinuöseren arabera, “kritikak ezarritako etiketak ugariak izanda ere, eurek nahiago dute bere burua inposaturiko mugarik gabeko rock talde bezala aurkeztu, non sormena musika tresnetan barrena aske mugitzen den, estilo hertsi batek ezarritako langen oztoporik gabe. Printzipio horretan oinarriturik azken zortzi urteetan ez diote garatzeari utzi, Rockean esateko asko geratzen dela uste dutenentzat erreferente bat bihurtuz, bere nortasun propioaren ondorioz”.

Adrift, berriz, sludge edo doom erritmoak jorratzen dituen talde madrildar pisutsua da, rock progresiboari eta esperimentalari bizkarra eman gabe. “Dagoeneko bi bira egin dituzte Europan barrena eta Resurrection Fest, Costa de Fuego, Sant Feliu eta Bracara Extreme Fest bezalako jaialdietan hartu du parte. Horrez gain, Entombed, Wolves in the Throne Room edota Yob bezalako talde entzutetsuekin ere partekatu dute taula gaina”. Bost lan kaleratu dituzte, azkena Black Heath Bleeds Black izenburukoa, Alone Records zigiluarekin.

Exit mobile version