MUSIKA

Punk fenomenoa aztertuko dute Udako Euskal Unibertsitatean

Iaz Euskal Herrian egiten den pop musikak zabaldu zuen bidea, eta UEUk antolaturiko ikastaro horrek izan zuen harrera ona ikusi eta gero, aurten, berriz, punk fenomenoari egokitu zaio. Hala, Euskal punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago titulupean, punk musikaren eta gizartearen arteko harremana jorratu nahi dute, eta, era berean, mugimendu horrek Euskal Herrian izan duen eragina jorratu, 80ko hamarkadatik hasita gaurdaino.

Uztailaren 12tik 15era bitartean egingo da ikastaroa Lekeition eta matrikula zabalik dago uztailaren 4a bitartean. Bertan honako eduki hauek aztertuko dituzte: 80ko hamarkadaren kokapen soziologikoa; Euskal Herriko instituzionalizazio/desinstituzionalizazio prozesuak; Punk fenomenoaren eztanda gazteriaren ezinegon bezala; Ukazio bidezko baieztapen (de)konstruktiboa; Zer da Punk izatea gaur egun?; Punk korrontea Euskal Herrian; Des/erainkuntza nazionala, eta ukazioaren logikak Euskal Herrian; eta, azkenik, Desobedientzia zibila.

Horretarako, ikastaroaren antolatzaileek Unibertsitateko hainbat irakasle eta makina bat esparrutako aditu (kazetari, musikari, literatur zale, eta abar) gonbidatu dituzte, besteak beste, Juan Luis Zabala Berria-ko kultura saileko burua, Gotzon Hermosilla kazetaria, eta Jone M. Hernandez Garcia EHUko antropologia irakaslea.
Erabiliko den metodologia pedagogikoa izango da: parte-hartzailea, sortzailea, eta berritzailea. Horretarako, musika entzunaldiak, mahai inguruak, hitzaldiak eta saio irekiak egingo dituzte, -kontzerturen bat ere izango da, iaz Xabier Montoiak jo zuen-. Gaian interesa duen orori dago zuzenduta (musikaz, gizarteaz eta kultur arimaz interesatzen den orori).

Punkaren inguruko ikastaro honen gaineko xehetasun guztiak UEUren webgunean jasotzen dira.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button