IKUS-ENTZUN

“Pumori, mendiaren alaba” dokumental solidarioa, hainbat herritan ikusgai

2001ean hainbat mendizale hil ziren mendi hartako elur-jausi baten ondorioz, baina, istripua baino lehen, haietako batek argazki bat atera zuen neskato nepaldar batekin. Filmaren helburua neska horri laguntzea da. Gaur berton, urtarrilaren 29an, arratsaldeko 20:00etan, Arrigorriagako Lonbo Aretoan proiektatuko da dokumentala. Andoainen eta Iruñean ere ikusgai izango da gaur.
Alex Txikonek, Padura Mendi Elkarteak eta Udalak hartu dute parte filmaren ekoizpenean. Proiektu solidarioa da, bildutako funtsak neskato nepaldarrari laguntzeko erabiliko baitira.

Dokumentalak euskal mendizale-talde batek Pumorin (7.100 metro) bizitako tragedia kontatzen du, baita Suku Maya txikiaren istorioa ezagutarazi ere. Bere helburuetako bat 2001eko urrian Sakana-Pumori espedizio nafar-gipuzkoarrean gailurrera iristen ari zirela hil ziren gazteei omenaldia egitea da. Beñat Arrue (22 urte) eta Iñaki Aiertza (27) gipuzkoarrak eta Aritz Artieda (23), Javi Arkauz (22) eta Cesar Nieto (23) nafarrak elur-jausi baten ondorioz hil ziren, eta taldeko gainerako kideek ezin izan zuten ezer egin: ohartarazten eta erreskatatzen saiatu ziren, baina azkenean atsekabez beteta itzuli ziren etxera.

Urte bat geroago, Beñaten gurasoak, Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arrue, Nepalera itzuli ziren bi helbururekin. Alde batetik, istripuaren lekura itzuli eta hildako mendizaleei omenaldia egitea, eta, bestetik haien semearekin argazkia atera zuen hiru urteko neskato nepaldarra topatzea. Suku Maya topatzea lortu zuten, eta gaur egun harreman estua dute, maiz bisitatzen baitute. Bisita horietako batean ikusi zuten haurra gaixo zegoela, eta Katmandura eraman zuten ziztu bizian. Ospitalean pneumonia sendatu zioten, baina giltzurrunean gaixotasun larriago bat antzeman zioten. Bikote euskaldunak helikopteroaren eta medikamenduen gastuak ordaindu zituen, baina kezkatuta itzuli ziren etxera.
Hainbat gestio egin ostean neskaren tratamendua bermatu zuten, eta gaur egun askoz hobeto dago. Geroz eta gehiago ari da integratzen Aizarnan, euskara ikasten ari da eta herritarrek asko maite dute. “Mendizale gaztearen heriotzak bizitza eman zion Suku Mayari”.

Dokumentala Azpeitian estreinatu zen joan den asteburuan, eta ondoren Arrigorriaga, Igorre, Donostia, Andoain, Bera, Etxarri Aranatz, Bilbo eta Iruñea bisitatzen ari da.

PUMORI, MENDIAREN ALABA from Iban Gonzalez Pagaldai on Vimeo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button