MUSIKA

Xabier Lizaso eta German Ormazabalen pianoak eta Andoni Egañaren ahotsa elkarrekin

Xabier Lizaso eta German Ormazabal piano jotzaileek eta Andoni Egaña bertsolariak Eta… zer gehiago? errezitaldia emango dute urriaren 23an, Bilboko Arriaga Antzokian.

Arriaga Antzokiak Xabier Lizasoren eta German Ormazabalen pianoak jasoko ditu bere oholtzan. Bi musikariek, Eta… zer gehiago? ikuskizuna prestatu dute ideia baten inguruan: “17-18 urte ditugunean bidegurutze baten aurrean jartzen gaitu bizitzak: Ikasten jarraitu behar? Eta zer ikasi? Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere aukeratu beharra izan zuten. Eta biek gauza bera erantzun zuten: pianoa. Garai hartan, erantzun horrek beste galdera eragiten zuen: Eta… zer gehiago? Hortik sortu da ikuskizunaren ideia”.
Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ibilbide desberdinak aukeratu zituzten. Xabier pianoaren ikasketetan eta interpretazioan murgildu zen buru-belarri. Germanek, berriz, pianoa erabat baztertu barik, bere bizitzak beste bide bat hartuko zuela erabaki zuen, baina aldi berean, jotzeak eragiten duen plazera ez zuen baztertu.

Andoni Egaña bertsolaria narratzaile gisa arituko da, eta baita abeslari gisa ere, “bizitzak aurrean jartzen dizkigun bidegurutzeei eta aukeratu beharrak duen zailtasunari buruzko gogoeta egingo duen ikuskizun honetan”.

Bi pianoen musikaren bitartez, musika klasikoa eta musika herrikoia entzuteko aukera izango da horretarako propio eratu den programarekin. Bertan, Sergei Rachmaninoven 3 zenbakiko piano eta orkestrarako kontzertua (I. mugimendua); Frederic Chopinen 1 zenbakiko piano eta orkestrarako kontzertua (I. mugimendua); Maurice Ravelen piano eta orkestrarako Sol M kontzertua (II. mugimendua); edo Leonard Bernsteinen West Side Story laneko musika aukeraketa entzun ahalko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button