ARTEA

Praktika artistiko eta dantza garaikideko egonaldietarako epea luzaturik, Azkuna Zentroan

Azkuna Zentroak praktika artistiko eta dantza garaikideko egonaldietarako proiektuak aurkezteko epea apirilaren 5era arte luzatu du.

Dantza garaikideko egonaldia burutuko du Dansateliers Rotterdam (Holanda) zentroarekin lankidetzan. Egonaldiaren lehen aldia Azkuna Zentroan izango da, eta pieza koreografiko bat ikertzeko eta sortzeko prozesua jasoko da bertan. Bigarren aldia Rotterdamen izango da, Dansateliers-en instalazioetan. Bertako egoiliarrak Dansateliers-eko taldearen aholkularitza eta mentoring artistikoa izango du eskura, bere lana garatzeko. Horren ondorioz sorturiko pieza koreografikoak Rotterdamen eta Azkuna Zentroan estreinatuko dira.

Horretaz gain, praktika artistikoetako egonaldiak ere burutuko dira Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukearen bidez. Kasu horretan, Carlos Garaicoa estudioak Habanan duen Artista x Artista programarekin lankidetzan egingo da. Bilbon aukeratutako artistak Kuban egingo du egonaldiaren lehen zatia, eta Azkuna Zentroan bigarrena, udaren ondoren. Aldi berean, Carlos Garaicoa estudioak eta Azkuna Zentroak Kubako artista bat hautatuko dute antzeko jarduera izateko. Horren ostean, bi sortzaileek lanaren erakusketa egingo dute Azkuna Zentroan.

“Azkuna Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko, artelanen ekoizpena bultzatu, eta herritarrengana hurbiltzeko, hala egindako obra nola sorkuntzako prozesuak erakutsiz. Laguntza horretan kokatzen da Egonaldi Artistikoen programa. Egonaldi artistikoen programak baldintza egokiak eskaintzen dizkie sortzaileei material eta espazio aldetik, zentroak dituen programei eta ekintza-ildoei lotuta dauden sorkuntzako proiektuak garatzeko”.

Halaber, Zentroak sare berriak eta proiektu berriak irekitzen lan egiten du; esaterako, komikien nazioarteko egonaldia, laster abian jarriko dena. Programa honen bidez, hiru egilek batera garatuko dituzte beren proiektuak hiru egoitzetan: Angoulême, Quebec eta Bilbo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button