MUSIKA

Powersolo bikotearen rock’n’roll zantarra, Donostian

Atomic Child eta Brother Kix anaia daniarrek osatzen dute Powersolo. Bikotearen egitasmoa erritmo zaharrekin prestatutako koktel zoroa da: rockabillya,  bluesa, exotica, espaziountzien soinu-efektuak edo garage-rocka. Bada, gaur, Donostiako Dabadaba aretoan izango dira, 20:30etik aurrera.

Powersoloren diskoak estatuan argitaratzen dituen Folc Records diskoetxearen arabera, “melodia itsaskorrak egiten ditu bikoteak, trikimailu liriko eroekin, 1950eko, 1960ko edo 1970eko hamarkadetako hit zoragarriak izan litezke. Las Vegas Grind eta Nuggets bildumetan aurki ditzakezun doinu motak egiten ditu. Rock and rollaren benetako soinua da”.

Bikotearen artista kutunen artean hauexek daude: Ween, Hasil Adkins, Link Wray, Hank Williams, James Brown, Robert Johnson, The Fall, JSBX edo The Tremolo Beer Gut.

Daniarrak 2001ean hasi ziren diskoak grabatzen. Urte horretan, hain justu, Lemon Half Moon izenburuko CDa argitaratu zuten. Harrezkeroztik, makina bat grabazio plazaratu dituzte, eta sarritan izan dira Euskal Herrian jotzen.

Oraingoan, disko berri bat aurkeztuko dute gurean, oraintsu kaleratutako Bo-Peep (Crunchy Frog). Behean txertatutako bideoan, disko horretan jasotako Ana Bhebak doinuaren klipa ikus dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button