EZLEKUBAT

Portu Sound: Portugaleteko musika modernoaren historia

Banizu Nizuke elkarte kulturalak Portu Sound Portugaleteko musika modernoaren historia jasotzen duen liburua argitaratu berri du. Liburuak 40 urteko historia jasotzen du eta bost ataletan banatuta dago. Hala, lehenengo atalean Portugaleteko mugimendu musikalaren bilakaera jasotzen da (1962 eta 2009 bitartean); bigarrenen eta hirugarrenean herriko taldeak aztertzen dira banan banan, gainera, horiekin harremana izan duten beste banda batzuk ere aipatzen dira, tartean, Zarama, Eskorbuto, Dinamita Pa Los Pollos edo Los Fitipaldis. Azken bi ataletan musika munduarekin loturiko hainbat aspektu aztertzen dira, hala nola, diskografiak, fantzineak, irratiak, estudioak eta entseatzeko lokalak. Guzti horretaz gain, liburuak 108 kantu, irudiak, klipak eta bestelakoak gordetzen dituen CDa ere badakar. Guzti hori gutxi balitz, proiektuak Portugaleteko musikaren artxiboa eta erakusketa bat hartzen ditu. Pablo Salgado Banizu Nizuke elkarteko kidearekin solastu gara egitasmo zabal honen berri izateko.

Zertan datza Portu Sound egitasmoa?
Portu Sound gai komuna duen proiektu zabala da: musika modernoaren historia Portugaleten. Egitasmoak artxibo historikoa eta data basea hartzen ditu, baita herriko talde guztien dossierra, argazki erakusketa, bideoak, kartelak eta maketak, kontzertuak eta mahai-inguruak ere.

Nola sortu zen ideia?
Ideia tabernan sortu zen, lagunen artean. Norbaitek esan zuen Portun hainbat talde izan zirela, baina ez genekien zenbat zehazki. Ezpainzapiak eta boligrafoa eskatu eta proiektua egiteari ekin genion.

Zure lana nostalgiak eragindakoa da edo zure inguruko ondare kultural bat berreskuratzeko beharrizanetik abiatzen da?
Gure lana mitoaren ideian ardazten da. Kontakizun bati ospea ematea helburu duen narrazioa da mitoa. Portugalete hiru kilometro koadroko eta 50.000 biztanletik behera duen herria da, eta orain arte musika modernoko 200 taldetik gora izan dira, kopuru hori bataz bestekoaren gainetik dago. Portugalete toki berezia da musikaren gaiari dagokionez.

Nolakoa izan da taxutze prozesua? Asko dokumentatu zara?
Ezagutzen genituen taldeen zerrenda da izan zen lehendabizi egin genuena. Behin hori eginda, zerrenda horretako taldeetako musikariekin harremanetan jarri ginen. 200 pertsonatik gora parte hartu dute proiektuan, bik soilik esan zuten ezetz, gainontzeko guztiek goraipatu eta animatu egin gaituzte. Haietariko asko, gainera, ilusioz beteta eta harro agertu dira egitasmo hau dela medio euren bizitzak herriaren historia ofizialean sartuko zirelako. Elkarrizketetan talde berriak deskubritu zizkiguten, baita gainontzeko taldeen kontaktuak eman ere. Elkarrizketa guztiak grabatu ziren. Etapa hori neketsuena izan zen. Ez da batere erraza horrenbeste jenderekin harremanetan jartzea. Asko hilda daude, beste batzuk kanpoan bizi dira eta badira missing daudenak ere. Elkarrizketak amaitzerakoan taldekideei euren artxibo pertsonaletan gordeta zeuzkaten bandaren argazkiak eta mota guztietako materialak eskatzen genizkien. Maketak salgai bazeuden erosten genituen, eta katalogotik kanpo egonez gero, oparitu egiten zizkiguten. Era berean, material asko utzi ziguten eskaneatzeko. Behin talde guztien elkarrizketak grabatu ondoren, transkribatzen genituen, eta azkenik, taldekideek emandako informazio guztia biltzen duen dossier-liburua eraiki genuen.

Hortaz, esan daiteke Portugaleteko musika-jarduera egitasmo hau abiatzeko haina handia eta garrantzitsua izan dela.
Liburua irakurtzea baino ez dago.

Egun zer moduz dago Portugaleteko musikagintzaren egoera?
Egoera txarra da, taldeek ez dutelako inoren babesik. Udalak, gainera, historikoki ez du sekula musika modernoarekiko kezkarik agertu. Entseatzeko dauden doako lokal erdi-instituzional bakarrak (hiltegi zaharrekoak) bota egingo dituzte parking bat egiteko, beraz, laster ez da entseatzeko lokalik egongo Portugaleten. Horrez gain, herrian ez dago kontzertuak eskaintzeko areto bakar bat ere. Kinka hau ikusiz gero, ez da ba egoera txarra izango. Espero dugu egitasmo hau dela medio kultura saileko nagiren bati begiak irekitzea. Lotsa gutxi daukaten asko daude hor sartuta.

Liburuarekin batera erakusketa bat ere inauguratu zenuten. Nolakoa izan da esperientzia?

Arrakastatsua izan da. Adin guztietako jendea etorri zaigu. Kontuan hartu behar duzu bildutako lehendabiziko taldea 1962 urtekoa dela, hortaz egun hirurogei urtetik gorako jendea da. Horrez gain, jende oso gaztea ere sartu da, Portugaleten horrenbeste talde izan direla ikustean liluratuta gelditu diren nerabeak, edo txundituta institutuko irakasleetako bat gaztetan heavy talde bateko kidea izan zela jakitean, edo gozo-dendako arduraduna kontzertu batean abesten ikusi dutenean argazki baten.

Ekintza gehiago egitea pentsatu duzu? Egitasmoarekin jarraitzeko asmoa daukazu?
Egitasmoak artxibo historiko baten eratzea ere hartzen du: argazkiak, maketak, diskoak, kartelak… aparteko proiektua. Ez dago honelako artxiborik duen herririk. Hala ere, Udalak beste alde batera begiratzen jarraitzen du, oraindik ez dira proiektu honen garrantzi kulturalaz jabetu. Txitxarrilloaren kulturatik aldentzen den kultura baloratzen ez duen zahar jendea da.
Hortaz, herriak ondo hartu du Portu Sound egitasmoa eta ez hain ondo Udalak.
Portugaleteko herritarren erantzunarekin oso pozik gaude. Udalarena, berriz, beste kontu bat da. 2.400 euro eman dizkigute, proiektua diru-laguntzen lehiaketa batera aurkeztu ondoren. Kopuru horrek ez du aurrekontu orokorraren %15a ere hartzen. Beraz, ez zaigu batere gustatu nola tratatu gaituzten. Proiektuarekiko interesa erakutsi duen pertsona bakarra Mikel Torres alkatea izan da. Italia Canna Kultura zinegotzia eta Santa Clara-ko kultura-teknikariek ez dute inolako interesik agertu. Gure proiektua hirugarren mailakoa izango balitz bezala hartu dute eta gu berdin tratatu gaituzte.

Zein da zuretzat Portugaleteko grabazio esanguratsuena?
Agian Flying Rebollos taldearen maketa pieza ona izan daiteke landu nahi izan dugun kontzeptua laburbiltzeko.

Eta zein talde aholkatuko zenioke Ezkerraldeko soinuetan murgildu nahiko lukeen bati?
Garras, 70eko hamarkada amaierako talde bat, lehergailu itzela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button