ESZENA

“Poltsikoko Antzerki Jaialdian” izena emateko epea zabalik

Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntzak bultzatzeko X. deialdia zabalik dago dagoneneko eta proiektuak aurkezteko epea irailaren 26an amaituko da.

Deialdia antzezle, antzerki talde eta elkarte artistiko guztiei zuzenduta dago, eta formatu txikiko edota tabernetan egin daitezkeen euskarazko sorkuntzak bultzatu nahi dira ekimen honekin.

Donostia Kulturak bi diru laguntza eskainiko ditu epaimahaiak hautatutako bi obren sorkuntza eta ekoizpenerako. Hala,  irabazleak 4000 euroko diru laguntza jasoko du, eta bigarrenarentzat  3200 euro emango ditu.  Honez gain, hautatutako obrak lantzeko, kultur etxeetako espazioak eskuragarri jarriko dira, eta lau ikustaldi emango dituzte irabazleek Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan.

Donostia Kulturako arduradunen ustez, “orokorrean sorkuntza eta ekoizpenak dira kultur erakundeetan gutxien jorratzen diren arloak. Gauzak honela, kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea da bigarren helburu nagusia. Horregatik, orain aurkezten dugun hamargarren deialdi honen xedea ez da diru-laguntza soila, koprodukzioa baizik”.

2011n jarri zen martxan lehen aldiz modu esperimentalean deialdi hau, Euskal Kultur Erakundearekin izandako esperientzien elkartrukearen ondotik, eta aurreko bederatzi deialdietan, 60 proiektu inguru aurkeztu dira.

Poltsiko Antzerki Jaialdia, Donostia Kulturaren eskutik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz antolatutako ekimen beteranoa da.

Informazio gehiagorako eta deialdiaren oinarriak ikusteko, sartu donostiaskultura.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button