BESTELAKOAK

Politikoa da maitasuna ere?

Badirudi baietz. Izan ere, Jakin aldizkariak Maitasuna politikoa da monografikoa argitaratu berri duen zenbakiak gai horixe du xede, uztailaren 11an eta 12an, UEU eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan, Jakinek antolatutako Jardunaldietako hausnarketak jasotzen dituena, hain zuzen.

Gai hori ardatz  hartuta, maitasunaren ideologiak geure buruak, harremanak edota etxe eta kaleak  nola eraikitzen dituen aztertu zituzten jardunaldi haietan parte hartu zuten hizlariek hamaika artikulutan; hain zuzen ere: Mari Luz Esteban, Lorea Agirre Dorronsoro, Zaloa Basabe Gutierrez, Oihane Ruiz Menendez, Irati Mogollon Garcia, Leire Milikua Larramendi, Ula Iruretagoiena Busturia, Jone Arrazola Maiztegi, Nora Salbotx Alegria, Jone Miner Aginaga, Abaraska Etxebizitza Kooperatiboak, Zaloa Basabe Gutierrez eta Irati Mogollon Garcia.

Hala, 233-234 zenbaki bikoitzean artikulu interesgarriek are hausnarketa interesgarriagoak proposatzen dituzte egileek. Batzuk aipatzearren, esaterako, Lorea Agirre Dorronsoro kazetariak eta Jakineko zuzendariak egiten duen ekarpenak maitasunaren ideologiaren oinarriak zedarritu ditu. Bere esanetan, “maitasuna kontrol sozialerako tresna da gero eta nabariago dena. Baina baita, familia nuklear tradizionala eta patriarkatua iraunarazteko egitura garrantzitsuena ere”. Gainera, postmodernitateak zalantzan jartzen badu ere,  “maitasun erromantikoa gero eta hegemonikoagoa da. Maitasunari erreferentzia egiten dion unibertso sinbolikoa gero eta handiagoa da, gero eta ugariagoa, maitasunaren eta kontsumoaren arteko harremana gero eta estuago izan dadin”, gaineratzen du bere artikuluan Dorronsorok. Ildo honetatik hortaz, meritokrazia, ezkontza, militantzia, afektibitatea, amatasuna… aztertzen ditu beste maitasun eredu bat posiblea dela esateko: “zaintza erdigunean izango duen maitasuna”.

Maitasuna erdigunetik kanpo. Maitasun-­ideologia arrozteko dekalogoa idatzi du, aldiz, MariLuz Esteban EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak. Estebanek, maitasun-­ideologia hori auzitan jartzeko eta maitasuna arroztu ahal izateko dekalogoa proposatzen du bertan.

Edota, amatasunaren inguruan Zaloa Basaberen artikulua dator: Amatasunaren politizazioa: atzo, gaur eta bihar.  Iruñeko Udaleko Berdintasun Alorreko koordinatzaileak, azkenengo hamarkadetan feminismotik egindako hainbat ekarpen aztertu ondoren, ama/emakumea binomioaren, bizitza pribatu/publikoaren eta amatasunaren esperientzia/instituzioaren gainean hausnartu du.

Azkenik, Joxe Azurmendik naziotasunaren gainean eraiki duen pentsamenduaz idatzi du Haritz Azurmendi Arrue filosofoak, abenduan Donostian egingo den Joxe Azurmendi Kongresuaren atariko.

Hausnarketa eta gaur gaurko ekarpen horiek guztiak, eta beste asko Jakinen 233-234. zenbaki berrian dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button