ESZENA

Auzo Eszena zikloaren denboraldi berria, Gasteizen

Auzo Eszena zikloaren denboraldi berriaren baitan (bere hamabigarren ediziora iritsiko da aurten), Gasteizeko gizarte-etxeek artista amateurrek eskainitako 9 ikuskizun jasoko dituzte otsailaren 26tik maiatzaren 28ra bitartean

Auzo Eszena zikloaren barruan antzerkia, umorea, bakarrizketa dramatiko bat, musikal bat… bilduko dira, eta betiko eskaintza haurrei eta familiei, helduei eta gazteei zuzenduta izango da. Emanaldiak igandeetan izango dira, 19:00etan, gizarte-etxe hauetako ekitaldi-aretoetan: Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Zabalgana eta Salburua.

Programa otsailaren 26an hasiko da Pánico Escénicoren Doy fe lanarekin Arriaga gizarte-etxean. Bizitzan zorte txarra duen emakume bat ohartu da bere patua oraindik idazteke dagoela, eta boterea badu bere etorkizuna idazteko eta norantz joan nahi duen erabakitzeko. Horoskopoek, erlijioek, esamesek, gehiengoek, gizarteak… sinesmenak nahasten gaituzte. “Lehenik eta behin zugan sinetsi eta gero nahi duzuna egin!”
Martxoan, hiru hitzordu iritsiko dira: hilaren 5ean, Eternas taldearen Apuntes sobre Bernarda, Zabalganan; hilaren 19an, Imanol Telleren De alta emanaldia, Aranan, eta martxoaren 26an Mentes Escénicasek Brujas bailando el tango eskainiko du Zabalganan.
Apirilean, Titaniak Cita con Victoria lana eskainiko du Salburua gizarte-etxean hilaren 2an, eta Tercera Filak El búnker antzeztuko du Aldaben, apirilaren 23an.

Maiatzeko agenda Juanjo Monagok eskainiko duen Informe para una academia bakarrizketa dramatikoarekin hasiko da. Hilaren 14an izango da, Ariznabarran. Zikloa amaitzeko, musika-antzerkia izango da Tranpolaren eskutik, Con una pizca de sal lanarekin, hilaren 21ean, Zabalganan.

Auzo Eszena zikloaren informazio guztia hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button