LITERATURA

“Poetika” jardunaldiak, Koldo Mitxelena Kulturunean

Koldo Mitxelena Kulturuneak Poetika izeneko egitaraua biltzen du. Hilean behin, errezitaldiak antolatzen dira bertako Areto Nagusian, euskaraz nahiz gazteleraz, gaur egungo poesiaren nondik norakoak hobeto ezagutu ahal izateko. Guztira hiru emanaldi antolatu dira; lehena gaur berton izango da, 19:30ean, hasita.

Ohi bezala, idazle batek poetaren aurkezpena egingo du haren poesia zertan den azalduz, eta gero poeta gonbidatuek olerkien irakurraldia egingo dute. Musikeneko ikasleak protagonista izaten dira, eta hainbat musika-pieza ere interpretatzen dituzte.

Gaur berton hasiko da ekimena Juan Kruz Igerabide poetaren eskutik. Felipe Juaristik egingo ditu aurkezpenak, eta Beñat Olanok biolina joko du. Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) haur eta gazte literatura idazlea, itzultzailea eta poeta da. Magisteritza ikasketak egin zituen eta Filologian doktorea da. Mikel Laboa Katedrako zuzendaria da Euskal Herriko Unibertsitatean. Liburu mordoa argitaratu du. Helduentzako poesiari dagokionez, honako olerki liburu hauek idatzi ditu, besteak beste, Notre-Dameko oihartzunak (Elkar, 1984), Mailu isila (Kritika Sari, Alberdania, 2002), Lainoa janez (Erein, 2015) eta Maite poemak hasiberrientzat (Denonartean, 2016). Labur Txintan (Pamiela) izeneko aforismo-liburua aurkeztu zuen 2017an, estilo horretan hirugarrena. Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria jaso zuen Igerabidek Abezedario Titirijario lanagatik, 2018an. Haren lanaren zati handi bat itzulia izan da ingelesera eta frantsesera, baita katalanera, galegora eta gaztelerara ere.

Hurrengo saioetan honako idazleek hartuko dute parte: Aritz Gorrotxategi (apirilak 2), eta  Julia Piera (maiatzak 5).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button