LITERATURA

“Poetika” egitaraua, Koldo Mitxelena Kulturunean

Koldo Mitxelena Kulturuneak Poetika izeneko egitaraua atondu du. Otsailetik ekainera bitartean, hainbat idazleren gaineko saioak antolatu dituzte, eta hilean behin, gaur egungo poesiaren arrastoak aurkitzeko euskarazko nahiz gaztelerazko errezitaldiak burutzen ari dira.

“Poeta gonbidatuak haren olerkien irakurraldi librea egingo du, poesia munduan adituren batek poetaren aurkezpena egingo du haren poesia lanari buruzko nondik norakoen azalpena eta hurbilketa kritikoa eginez, eta Musikeneko ikasleak ere protagonista izango dira hainbat musika-pieza interpretatuz.”

Bihar, maiatzak 24, 19:30ean, Castillo Suarez poeta izango da gonbidatua. Euskal Filologian lizentziatua da eta, ogibidez, administrazioko euskara teknikaria. Haren literatura lanak ibilbide oparoa du, eta azken bi hamarkadetan argitaratutakoak euskal poesiako ahotsik pertsonal eta berezienetakoa bihurtu du. Mugarri estaliak (Susa, 2000), Spam poemak (Elkar, 2004), Bala hutsak (Elkar, 2006), Souvenir (Elkar, 2008) eta Urtebetetze festa (Elkar, 2012) poema-bildumak idatzi ditu, besteak beste. Duela gutxi, poetak Irautera lana argitaratu du. Bilduma berri honetan, naturako elementuz beteriko iruditeria original batez kontatu ditu amodioaren eta desamodioaren saminak, ohiko dituen dotoreziaz, distantziamenduaz eta ironiaz.
Poesia ez ezik, haurrentzako liburuak ere idazten ditu. Ebelina mandarina (Erein, 2010) ipuinarekin irabazi zuen Lizardi Saria.

Poetika programa hemen kontsultatu ahal duzu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button