LITERATURA

“Poetak Maiatzean” programa, gaurtik aurrera Gasteizen

Maiatzaren 7tik 26ra bitartean, poemez beteko da Arabako hiria Poetak Maiatzean ekimenarekin. Programaren zuzendari Elisa Ruedaren hitzetan: “Emozio-lurrinak Gasteiz eta Araba gaindi, gero bertso asketako ur-jauzitan turrust egingo dutenak, erortzean ustekabeko sentimenduak harilkatuz. Poetak Maiatzean… unibertso poetiko bat, errealitate ugariri irekia: isiltasuna entzutea, oihua iratzartzea, gazteekin batera rapean aritzea, pasiera dabiltzanen begi distraituak murmurioz beteko dituzten kristalezko orrietan poesia idaztea, gatzaren denboran isurtzea, gure bihotzen taupadek beti irekita eutsi diezaioten gizatasun-leiho bati”.

Hainbat poeta bilduko da Gasteizen datozen egunotan, tartean ere euskal poesiak izango du bere txokoa. Hala, hil honen 11n, Oihanederren, Antton Valverde, Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi bilduko dira, Hitzak Hots kontzertu poetikoa egiteko.
Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi idazleen gogoetez eta testuez gain, Antton Valverde musikariak bost poetaren zortzi abesti berri aurkeztuko ditu pianoan: Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta Miren Agur Meabe bera.

Eta 16an, Gerardo Markuletaren poesia izango da protagonista. Galdera honi erantzuten saiatuko da: Nola bilakatzen da poema bat kantu? Bere poema asko abesti bilakatu dira Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Txomin Artola, Anje Duhalde eta besteren doinu eta ahotsetan.

Egunez eguneko programazioa jakin nahi baduzue, hemen topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button