Nontzeberri

Poeta baten bertso zaletasuna

Jon Kortazar eta Paulo Kortazar, Pamielako ordezkariak eta Juan Mari Lekuonaren senideak bildu ziren atzo, Juan Mari Lekuonaren Bertsoak (Pamiela) izeneko lana aurkezteko.

Bertsoak maite zituen poeta handia izan zen Juan Mari Lekuona (1927- 2005) eta bere burua maiz bertsogile gisa aurkeztu zuen. Bertsoak deituriko liburu honek herri poesiaren alorrean eman zuena batu du, bere eskuizkribu argitaragabe bi jarraituz. Nere olerki eta kantak deituriko koadernoan bere garaian idatzitako olerki, kanta eta bertsoak bildu zituen txukun eta garbi. Egutegia 1999 izenburua duen agendak, aldiz, bertso kopuru handia idatziz joan zen, testuak ezabatuz, azken bertsioa ontzat eman arte. Poetaren bertso zaletasunaren irudia dakar liburu honek.

Jon Kortazar eta Paulo Kortazar izan dira argitalpen honetaz arduratu diren adituak. Lehena aski ezaguna da literaturaren arloan burutu dituen lan interesgarrien bidez. Euskal Literatura Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Egungo Euskal Literaturaren Historia lanaren zuzendaria izan da eta LAIDA ikerketa Taldeko burua. Juan Mari Lekuonaren liburu argitaragabeak eman ditu plazara: Ibaiak basamortuan (2008) eta Enblemak (2010) itzulpena. Euskaltzain urgazlea da.

Paulo Kortazar Ingeles Filologian lizentziatua da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea. Landscape and Nation in Basque Literature and its education. From Domingo de Aguirre (1864-1920) to Kirmen Uribe (1970) doktorego tesia egiten ari da.

Exit mobile version