Nontzeberri

“Poesia Uneak” Mikelazulo elkartean

Gaur berton abiatuko dira Errenteriako Mikelazulon Poesia Uneak izeneko jardunaldia. Koldo Sagasetaren errezitaldiak zabalduko ditu ekimenaren ateak gaur, 19:30ean.

Hurrengo hitzordua, maiatzaren 24an izango da, Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen eskutik helduko den Hondakindegian izeneko errezitaldiarekin.

Hondakindegia: poesia emanaldi EZ musikatua titulu diote Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek emanaldiari, eta tituluak berak iradokitzen duenez, bertan egongo da umorearentzat lekurik ere. Baita hondakinak ere poesia liburua du oinarri proiektu honek, egileek honela aurkeztu dute proiektua: “Fernando Pessoarena da hipotesia: “Lur guztia hozkatu/ eta ahosabaian sentitu ahalko banu,/ zoriontsuagoa nintzateke une batez”. Eta hark hipotesi gisa planteatutakoa, esperimentu gisa gauzatu dugu guk: “Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik/ eta harrixkak baztertuta ahoratu gero”. Lerro horrekin hasten da Iñigo Astiz-en Baita hondakinak ere liburua (2012, Susa). Eta esperimentu horrekin abiatzen da Hondakindegia ikuskizuna ere. Gonbite gastronomiko moduko horrekin (Guri ere KRA egin zitzaigukean, baina hortzetan)”.

Liburuan bezala, nahasian joango dira hitzak eta ekintzak oholtza gainean ere. Nahasian etxekoa eta kalekoa. Sukaldeko solasaldiak eta manifestazioetako aldarrikapenak. Pribatua eta publikoa. Gastronomia eta lorezaintza. Musikaren laguntzarik gabe, antzerkiaren, poesiaren eta bideoen bitartez ikus-entzunezko hibrido bat osatu dute Ayerbek eta Astizek.

Exit mobile version