Nontzeberri

“Poesia Orduak” ekitaldia gaur eta bihar, Donostian

Poesia Orduak ekitaldia burutuko da Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, gaur eta bihar. Ekimena, Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatu dute.

Gaur, irailak 9, 19:30ean, Egunero hasten den musika izeneko ikusgarria eskainiko da. Egunero hasten delako nobelatik abiatuta, Ramon Saizarbitoriaren lanen aukeraketaren irakurraldia egingo da, musikari garrantzia berezia emanez. Bertan Koruko Heras (pianista), Koldo Izagirre (testuen itzulpena), Iban Zaldua (narratzailea), Lourdes Oñederra (narratzailea), Susana Mendiola (pianista), Jabier Muguruza (abeslaria), Irene Ojanguren (abeslaria), Txeli Oroz (zeharkako txirula) eta Mertxe Parra (pianista) bilduko dira.
Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberria argitaratu zueneko 50 urte bete dira aurten.

Eta bihar, asteartean, irailak 10, 19:30ean, Munduko poesia kaia saioa antolatu da. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumatik ateratako ezpalekin antzerkia, dantza eta irakurketa jorratzen dituen ikuskizuna.
Proiektuaren helburua Beñat Sarasolak argitu du beti: “Sarritan entzun izan ditugu lanturuak euskaratutako poesia ia hutsaren hurrena dela eta; tartekako borondate eta kemen indibidualei esker egin itzulpenez landa, ez dugula apenas mundu zabaleko poesia euskaraturik irakurtzeko betarik. Kexari eman zaleak gara, baiki, baina baita zangoak eskuak lumak teklatuak lokatzetan murgildu zaleak ere, eta hala, hutsune hori, zatitxo batean bederen, estaltzeko asmoz ekin diogu Munduko Poesia Kaierak egitasmoari. Horixe da, azken batean, Munduko Poesia Kaierak”.

Munduko Poesia Kaiera bildumako kaierak ezagutu nahi badituzue, hementxe dituzue denak.

Exit mobile version