ARTEA

Plazer txikiak

Ekainera bitartean, Tony Ray-Jones artistaren Small Pleasures izeneko erakusketa ikusi ahalko da San Telmo Museoan. Bere umore onez beteriko argazkiek ez dute inor hotz uzten.

Erakusketaren harira prestatu den txostenean artistaren bizitza laburraren nondik norakorik printzipalenak kontatzen dira. Tony Ray-Jonesek (1941-1972) diseinu grafikoa ikasi zuen London School of Printingen eta, ondoren, Yale unibertsitatean (Connecticut, AEB), 1961ean. Bi urte geroago graduatu zen eta berehala bihurtu zen argazkilari sortu berrien talde fin bateko kide. Talde horrek Richard Avedonen estudioan egiten zen Design Club-ean hartzen zuen parte. Han influentzia handiko eta nazioartean ohoratutako Alexey Brodovitch sormen-zuzendariak ematen zituen eskolak, eta hark sartu zion Cartier-Bresson, Brassai eta Atget-en lana aztertzeko grina. Ray-Jonesen argazkilari senak eta diseinatzaile grafiko gisa zituen ezagutza eta trebeziek maisu erradikala txundituta utziko zuten, kontratatu egin baitzuen Sky aldizkariko sormen-zuzendariorde gisa lan egiteko Manhattanen. Brodovitchek beti babestu zuen haren lana eta erreferente garrantzitsua izan zen Ray-Jonesen bizitzan eta obran.

1965ean Ingalaterrara itzuli zenean, ikusi zuen aldaketa sozial garrantzitsuak ari zirela gertatzen bere herrialdean. Tokiko ohiturak ezagutzen zituenez, eta kultura amerikarrak Europan izango zuen eraginaren jakitun, AEBn egindako egonaldian eskuratu zuen ikuspegi freskoaz baliatu zen. Hain zuzen, proiektu bati ekin zion, eraldatzear zeuden Ingalaterrako kulturaren eta gizartearen maila desberdinak dokumentatzeko asmoz.

Bere umore onez beteriko argazkiek ez dute inor hotz uzten. Langile-klasekoa ez bazen ere, denbora asko igaro zuen langileekin bizitzen eta lan egiten, eta oso kritikoa izan zen gizarteko desparekotasunekin.

Tony Ray-Jones leuzemiaz hil zen 1972an. Bere lehen liburua, A Day off: An English Journal izenekoa, 1974an argitaratu zen. Ray-Jonesen legatuak garrantzia du bost hamarkada geroago ere. Gainera, irudiek nolabaiteko irakurketa garratza ere izan dezakete, desberdintasun sozialetan pentsarazten baitute; hori zen, hain zuzen, egilearen asmoa. Orain ez ditugu iraganaren nostalgiaz begiratzen, gaur egungo errealitatearekin erlazionatuz baizik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button