Nontzeberri

“Plazaz”, Bilakaren sorkuntza berriaren estreinaldia asteburuan, Arrangoitzen

Herri Uzta festibalaren edizio berria garatuko da Ustaritzen eta Arrangoitzen (Lapurdi) datorren asteburuan. Festibalak ohiko euskal musika eta dantza sustatzea eta transmititzea du helburu, publiko zabalari euskal kultura eta ondarea gerturatuz.

Herri Soinu elkarteak antolatutako jaialdiak, musika tradizionala, abesbatzak, kantu herrikoiak, mutxikoak, dantza herrikoiak eta sorkuntza berriak uztartuko diren egitarau zabala jasoko du.

Hala, Arrangoitzen izango da Herri Uztaren edizio honetako hitzordu nagusia: Plazaz dantza-ikusgarriaren estreinaldia. Euskal dantzaren sustraiak eta dantza abangoardista uztartzen ditu bertan Bilakak, Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren sorkuntza zentroak.

Dantzaldi-ikusgarria, urriaren 11an, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan izango da, eta 12an, larunbatean, bigarren emanaldia eskainiko da gaueko 21:00etatik aurrera, biak ala biak, Arrangoitzeko Natura Antzokian. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira.

Plazaz sorkuntza lan berriarekin esperientzia berezi bat proposatzen du Bilakak: dantzaldi herrikoi batera gonbidatzen du ikuslea, mutxikoak, fandangoak, baltsak eta beste dantza eta kantuak eskainiz. “Baina… dantzaldi hori ez da arras besteak bezalakoa eta dena gerta daiteke”, azaldu dute antolatzaileek. “Dantzaldi bat da, baina ikusgarri bat ere”.

Bilakako dantzariak dantzagunean sartu eta dantzaren martxa gelditzen dute, haien urratsak gehitzen dituzten heinean. Modu horretara, haien errepertorioaren zati bat sartzen badute ere, beste aukera batzuk asmatzen dituzte: tarteka Bilakako dantzariak bakarrik, eta tarteka, publikoak ere dantza dezan, dantzaldi momentuak izango dira, beti ere euskal dantzak oinarri direla. “Gure dantza kolektiboetan miatuz zerumuga zabaltzeko ausardia dute, zirkuluaren zabaltzeko ausardia”, gaineratzen dute arduradunek.

Tradizioa, transmisioa eta profesionalizazioa du oinarri Bilaka Zentroak: “Iturri zaharretik edaten dugu, ur berria edaten, beti berri den ura, baina betiko iturri zaharretik. Dantzariarentzat ez baita orainaldia ez den denborarik”, azaltzen dute Bilaka Zentroko kideek.

Gainera, ikuskizunaren estreinaldiarekin batera, dantza errepertorioko doinuak jasotzen dituen disko bikoitza ere bertan eskuratu ahalko da, berriz moldatutako doinu herrikoien errepertorioz Bilakak kaleratu berri duena.

Eta igandean, urriaren 13an, aldiz, Mutxikoaren eguna ospatuko dute. Egun osoko egitarau oparoa antolatu du Herri Uzta festibalak iganderako ere. Goiz partean, Betti Beteluari omenaldia, mutxikoak, Ezpeletako txaranga eta gaita luze taldeak, Seaskaren aldeko jan eta edan tokiak, Txakatuk taldea…  Eta 16:00etatik aurrera, Ohiturak, sorkuntza omenaldi-ekitaldia. Bertan izango dira 8 emakume xiberutarrek osatzen duten TopaNoka dantza eta kanta taldea; Habia taldea (Maia Iribarne, Elena Haira eta Amaia Hiriart ahotsak); edota Aritz Salamancaren aginduetara, Tio Teronen Semeak, euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzen dituen musika eta dantza taldea. “Euskal dantza eta parranda dira Tio Teronen Semeak dantzari kuadrillaren FreshCool emanaldiaren oinarriak; herriz-herri saltoka, giro paregabea sortzeko gai direnak”, azaltzen dute antolatzaileek. Eta egunari amaiera emateko dantzaldi herrikoia Kiki Bordatxorekin.

Herri Uzta festibalak Ustaritzen ere izango du geldialdirik, urriaren 12an, larunbatez. Bertan  Uztaritze eta Tolosaren arteko senidetzearen 30. urteurrenaren harira, egun osoko egitaraua ondu baitute.

Egitarauaren informazio gehiago hementxe duzue.

Exit mobile version