ARTEA

Pintura erakusketa berriak, Artiumen

Gasteizko Artium zentro eta museoak bi pintura erakusketaren berri eman du: Luis Gordilloren XXL/XXI eta Juan Mieg-en Xuxurlaka. Biak ala biak abuztuaren 24ra arte egongo dira ikusgai, eta pintura garaikideari buruzko En Paralelo programaren baitan daude.

Gordillok erakusketarako aukeratu duen izenburuaren harira, Gasteizen paratu dituen koadroak dimentsio handikoak dira, XXL, eta azken urteetan egindakoak dira, XXI. mendean, hain zuzen ere.

Guztira, 40 lan paratu ditu Artiumen; haietariko batzuek serieak osatzen dituzte, eta andaluziarraren tailer koloretsua ordezkatzen dute. Izan ere, erakusketak artistaren tailerraren isla izan nahi du. Hala, bere tailerrean biltzen diren lanak paratu ditu: collage erraldoi bat, argazkiak, koadernoak, oraindik amaitzear dauden obrak… guztiak formatu handikoak.

Juan Mieg arabarrak, halaber, formatu handiko 32 koadro eraman ditu Artiumera; artistak egin dituen lan berrienak dira, eta Xuxurlaka izenburupean bildu ditu. Obra horietan, azaleren tratamendua, ehundurak, jolas kromatikoak, kolore-masen arteko tentsioak eta espazio irekiak nagusitzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button